26 urteko espetxe zigorra berretsi dute hiru adingaberi eraso egin zien masajistarentzat
Masaje zentroaren parean egindako elkarretaratze bat.Iñaut Gonzalez de Matauko Rada 2021ean hiru adingaberi sexu erasoak egin zizkien 45 urteko Donostiako masajistari 26 urteko espetxe zigorra ezarri zion Gipuzkoako Justizia Auzitegiak azaroan, eta zigor hori berretsi du orain Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak. Zehazki, hiru adingabe horiei sexu erasoak egiteagatik eta horietako biri sexu ziberjazarpena ere egiteagatik.
Akusatuak azaroko epaiari helegitea jarri ostean heldu da Auzitegi Nagusiaren sententzia. 26 urteko kartzela zigorraz gain, espetxetik atera ostean, gizona hamazazpi urtez egon beharko da zaintzapeko askatasunean eta, guztira, 40.000 euroko kalte ordainak ordaindu beharko dizkie bere erasoak pairatu zituzten emakumeei.
Delitu hauengatik ezarri diote 26 urteko zigorra: hamar urte 16 urtetik beherakoei sexu eraso jarraitua egiteagatik, 14 urtekoa beste bi adingabeei sexu erasoa egiteagatik (zazpi urte bakoitzeko) eta bi urte gehiago Internet bidezko sexu jazarpena egiteagatik azken bi gazte horiei (urtebete bakoitzeko). Hiru adingabeak 13 eta 15 urte bitartekoak ziren eta horietako biri 10.000 euroko kalte ordaina eman beharko die erantzukizun zibilagatik, eta hirugarrenari 20.000 eurokoa.
