Bere agintaldi hasiera baloratu du alkateak
Atotxako geltokian egin zuen agerraldia atzo Jon Insausti alkateak.Donostiako Udala Jon Insausti alkateak agerraldia egin zuen igande goizean Atotxako geltokian bere agintaldi hasieraren balorazioa egiteko. Politika egiteko beste modu bat posible dela erakutsi duela, egonkortasunean, konfiantzan eta lankidetza instituzionalean oinarritua; eta Donostia politika berriaren eredu dela aldarrikatu zuen.
Alkateak nabarmendu zuenez, hirian gertatzen ari den aurrerapena ez dela “kasualitatearen emaitza”, aldiz, plangintzari, beste administrazio batzuekiko etengabeko elkarrizketari eta lan-gehiengoak sortzeko borondate argiari egotzi zion. Insaustiren arabera, “blokeoaren politikaren aurrean, Udal Gobernuak erantzukizunaren politikaren aldeko apustua egiten du. Zarataren aurrean, emaitzak”.
Udalaren buru ehun egun pasatxo egon ondoren, Insaustik “hurbiltasunean, erabakiak hartzeko irmotasunean eta erakunde arteko akordioen agenda bizian oinarritutako lidergoa” ezarri nahi izan duela adierazi zuen. Halaber, gertakari zehatzak eta erakundeen arteko akordioetatik eratorritako lorpenak zerrendatu zituen. Hala nola autobus eta tren geltoki berria, 263 etxebizitza Loiolako Erriberan eta Morlansen gazteentzako eta adinekoentzako txandakako etxebizitzetarako lur sailen lagatzean, Intxaurrondoko AEMET eraikinaren birmoldatzea, Illunbeko Parke Teknologikoaren handitzea edota La Cumbre eraikinari atxikipena kentzeko izapideei ekitea.
“2030eko eta 2040ko Donostia finkatzen ari gara gaur. Etxebizitza gehiago, kalitatezko enplegu gehiago, berrikuntza gehiago, azpiegitura hobeak eta hiri kohesionatua. Ez dugu etorkizuna inprobisatzen; eraikitzen ari gara”. Alkateak mezu argi batekin amaitu zuen: “Donostia begiratzeko moduko eredua da gaur. Erakusten ari gara politika onak — hitz egiten, adosten eta gauzatzen duenak — funtzionatzen duela. Aliantza dagoenean, aurrerapena dago. Eta hori da jarraituko dugun bidea”.
