Helduentzako bizikletan ibiltzeko ikastaroak antolatu ditu Kalapiek
Kalapieko kideetako batzuk, Ametzagainako igoeran. (Argazkia: Kalapie) Helduentzako bizikletan ibiltzeko ikastaroak jarri ditu martxan Kalapie elkarteak, beste behin; ibiltzen ikasi, erabilera ahaztu edota bizikleta gainean segurtasuna bermatzeko ikastaroak dira, eta martxotik urrira bitarte egingo dituzte, Kalkutako Teresa plazan.
Ikastaro bakoitzak ordu eta erdiko lau saio izango ditu, eta bi mailatan antolatu dituzte: hasiberriak (inoiz ibili ez direnak edo pedalei eragiten ez dakitenak) eta trebezia falta dutenak.
Bakoitzak bere bizikleta ekar dezan gomendatu dute, baina beraiek bizikleta tolesgarriak dituzte, “ikasteko bereziki egokiak” direnak. Adierazi dutenez, bizikleta behar duenak hamabost minutu lehenago agertu beharko da beraien lokalean (Iparragirre, 8) eta elkarrekin joango dira plazara.
Izena emateak 15€-ko prezioa dauka, baina bazkideentzat dohainik da.
