Katapulta Tour Gipuzkoak baditu bere hamar proiektu irabazleak
Katapulta Tour Gipuzkoak aurten aukeratutako artistak ezagutarazi dituzte.Gipuzkoako Foru Aldundia Katapulta Tour Gipuzkoa programara 153 proiektu aurkeztu dituzte aurten, 128 musika proiektu eta 25 arte eszenikoetakoak. Hamaikagarren aldi honetan, arlo desberdinetako profesionalek eta teknikoek osatutako epaimahaiak aukeratutakoak, berriz, hamar hauek dira: musikari dagokionean, Femmm Vocal Jazz, Nhil, Geminiss, Del Val, Nuria Lopez Garcia, Kattalin eta Nenufarrak, Isora, eta Argazki bat behelainoan; arte eszenikoei dagokienean, berriz, Ander Sanchez eta Sorginduak, Teatro de Titeres.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Kutxa Fundazioak antolatutako egitasmoak xede du Gipuzkoako talentua aitortzea eta sustatzea, baita lurraldeko eszenaldi kulturala dinamizatzen laguntzea ere. Musikariei eta formatu txikoko arte eszenikoetako artistei zuzenduta dago, profesional berriei zein erdi-profesionalei. 2026an zehar aurrera eramango dute hainbat gune eta jaialditan.
Hautatuek lau saio egiteko aukera izango dute eta emanaldi bakoitzeko 500 euroko ordainsari garbia jasoko dute. Gainera, promozio bideo bat grabatuko dute eta prestakuntza programa batean parte hartuko dute, komunikazioa, sustapena, eszenografia, ekoizpena eta jabetza intelektuala lantzeko.
Kultur diputatu Goizane Alvarezen hitzetan, Katapulta Tour “gure lurraldeko talentu sortzailea laguntzeko eta profesionalizaziorako aukera errealak sortzeko tresna estrategikoa da”, eta parte hartze kopuruak agerian uzten du “Gipuzkoako eszenaldi kulturalaren bizitasuna”. Era berean, nabarmendu duenez, proiektuez harago, “kultur ekosistema osoa indartzen du”, erakundeen, aretoen, jaialdien eta sortzaileen arteko lankidetza sustatuta.
Kutxa Fundazioko arduradun Ainara Guzmanen esanetan, erakundeak egitasmo honekin, “talentu berritzaile eta erdi-profesionalen profesionalizaziorako apustu egiten dugu. Horretarako, ez diegu soilik emanaldiak egiteko espazioak eskaintzen, hala nola Tabakalerako Kutxa Fundazioa Kluba, baita prestakuntza-programa espezializatu bat ere. Uste dugu ikusgarritasun eta prestakuntza aukeren konbinazioa gakoa dela haien ibilbideak garatzeko eta Gipuzkoako kultura sektorea indartzeko”.
Bere hamaika urteko ibilbidean Katapulta Tour Gipuzkoa programak 1.328 proposamen jaso ditu, 887 artista desberdinengandik. 2026 amaitzean, programak guztira 134 proiektu lagunduko ditu, 104 musika proiektu eta 30, arte eszenikoetakoak.
