Komunikabideek buru osasuna nola jorratzen duten aztertzeko mahai ingurua antolatu du Agifesek
Agifes elkartearen ekitaldi bat, Tabakaleran.Agifes Buru osasunak gero eta presentzia handiagoa du komunikabideetan eta sare sozialetan. Baina ikusgarritasun handiago hori ez dator beti bat gaiaren tratamendu arduratsu eta zehatza egitearekin, Agifesen arabera. Horregatik, mahai ingurua antolatu dute, gaiaren inguruan hausnartzeko.
Partee-hartzaileek buru osasunaren inguruko narratibaz hausnartuko dute, “zehaztasun informatiboa eta estigmari aurre egiteko konpromisoa oinarritzat hartuz”. Buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak antolatutako Buru osasuna eta komunikabideak: nola informatu estigmatizatu gabe topaketan elkartuko dira Agifesen 2025eko Kazetaritza eta Buru Osasuna Sarien irabazleak. Ekitaldia martxoaren 3an egingo da Groseko Okendo kultur etxean, 18:30ean hasita, eta egungo diskurtsoaren kalitateaz, arriskuez eta aukerez eztabaidatzeko aukera egongo da, komunikabide tradizionaletan zein formatu digital berrietan arreta jarriz.
Saioan hitza hartuko dute honakoek: Telebista eta Ikus-entzunezko Edukien kategorian sariduna izan den ETB 1eko Teknopolis saioko kide Jon Larrañagak; Irratia eta Podcast kategorian saritutako Cadena SER kateko La jaula de los normales saioko gidari Aloña Velascok, eta El Diario Vasco egunkariko kazetari Ion M. Tausek, Prentsa Idatzia eta Komunikabide Digitalak kategoriko irabazleak. Komunikazio arloko profesional hauekin batera izango dira Iker Arrizabalaga Agifeseko psikologoa eta Egoitz Petisco. Azkenak bere esperientzia pertsonala partekatuko du.
Kazetaritza “konprometituaren alde”
Mahai-inguruko parte-hartzaileek buru osasunaren inguruko informazio estaldurak izan duen bilakaera aztertuko dute, eta gaiaren gehiegizko ikusgarritasunak eta tratamendu arduragabeak ekar ditzaketen arriskuak jorratuko dituzte, hala nola banalizazioa, testuingururik gabeko titularrak, autodiagnostikorako joera edo desinformazioa.
Topaketak mahai gainean jarriko du komunikabideen erantzukizuna, buru osasunaz arduraz eta zehaztasunez hitz egiteko betebeharra baitute gizartea eraldatzeko eragile gisa duten funtzioa betetze aldera. Halaber, hizlariek hausnarketa egingo dute diagnostiko larrienek jasotzen duten trataeraren inguruan, ohikoago bihurtu diren arazoekin alderatuta; hala nola antsietate edo depresio sintomak. Sare sozialek zein komunikazio formatu berriek narratiba honetan duten rola ere aztergai izango da.
40 urte pertsonen eta familien ondoan
Aurten bere 40. urteurrena ospatzen du Agifesek. Ibilbide luze honetan, buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta haien senideen alboan egon da, eskubideen alde borrokan eta gizartea sentsibilizatzeko lanean.
Elkartearen ustetan, komunikabideak funtsezko aliatuak dira buru osasunaren inguruko gizarte-ikuspegia eraldatzeko bidean. Horregatik, kazetariak, eduki-sortzaileak, komunikazio profesionalak eta herritarrak gonbidatu nahi ditu hausnarketa honetan parte hartzera.
