Migratzaile bat jipoitu zuen Donostiako udaltzaina ofizialorde izendatu dutela salatu du LABek
Udaltzaingoaren auto batzuk.Irutxuloko Hitza Joan den abenduan, polizia indarkeriaren lekukotzak biltzen dituen Txago kolektiboak, duela bi urte grabatutako bideoa zabaldu zuen Instagramen, non ikus daitekeen Donostiako udaltzain batek dozena erdi kolpe baino gehiago ematen dizkiola lurrean dagoen migratzaile bati, beste bi agenteek “ezer ere egiten ez duten bitartean”, LABek salatu duenez. Antiguako Zubimusu parkean daude grabatuta irudiok. “Joan den hilean, Donostiako Udalak migratzailea neurrigabe jipoitu zuen udaltzain hori bera ofizialorde izendatu zuen”, jakinarazi du LABek. “Nola uler daiteke horrelakorik?”.
“Gertakari larri horiek, udalak eta Udaltzaingoaren buruzagitzak ezagutzen zituztenak, ez al dira nahikoa oztopo izan udaltzain hori ofizialorde bihurtzeko?”, galdetu du LABek, Argia-ri helarazitako oharrean. Sindikatuak azaldu duenez, udaleko iturriek adierazi zuten migratzaileak gainean zuen udaltzainari hozka egin ziola hankan, eta horregatik jipoitu zuela hark. “Esan beharrik ez dago gertakari batek ez duela bestea justifikatzen. Bere egunean, udalak eta buruzagitzak bideoa ikusi zutenean, larriturik, neurri administratiboak hartu zituzten, baina jipoitutako migratzaileak salaketarik jarri ez zuenez, gaia artxibatu zuten. Pentsatzekoa da, jaso zuen jipoia jasota, migratzaileak ez zuela salaketarik jartzeko inolako gogo ala ausardiarik izan”. LABek nabarmendu du hau guztia jakin dela kalean zihoan herritar ezezagun batek gertakaria filmatu eta sarean jarri zuelako. “Udalak eta buruzagitzak bazuten gertatutakoaren berri, baina isiltzea erabaki zuten orduan, eta udaltzain hori bera ofizialorde izendatzea onartu dute orain”.
Albiste hau Argia-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker. Osorik irakurri dezakezue Argia-n.
