Pukas Surfen sortzaile Marian Azpirozek jasoko du Carmen Adarraga saria
Marian Azpirozek martxoaren 11n jasoko du Carmen Adarraga saria. Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak urtero banatzen du Carmen Adarraga saria, Kirolaren munduan gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzeko lana aitortu asmo duena. Aurten, Marian Azpiroz aitortuko dute, Pukas Surf markaren sortzaileetako bat. Aldundiaren esanetan, “gure lurraldeko eta Espainiako surfaren historian funtsezko figura da”. Saria emateko ekitaldia martxoaren 11n aurrera eramango dute Donostiako Kirol Etxean, 18:00etan.
Marian Azpiroz (Aginaga, 1949) Pukas Surf enpresaren sortzailea da, Iñigo Letamendia senarrarekin eta Miguel Azpiroz anaiarekin batera. 1979tik arrakastaz kudeatu du surfaren industria Euskal Herrian eraldatu duen familia enpresa. Bikiniak ehuntzen hasi zen, Letamendiak surf taulak eskuz egiten zituen bitartean. Dendak irekitzen jarraitu zuten, josteko tailerrak, taula fabrikak, surf eskolak eta marka mundura eraman zuten nazioarteko ekitaldien antolaketarekin batera.
Epaimahaiak Azpirozek “aitzindari eta erreferente gisa egindako ibilbide bikaina” nabarmendu du: 1970eko hamarkadan “zeregin erabakigarria” izan zuen orduan ezagutzen hasi berria zen kirola profesionalizatzeko; enpresa ikuspegia eman zion, eta Gipuzkoa surfaren nazioarteko mapan kokatzeko ekarpen handia egin zuen. Gainera, Azpirozek «oinarritik» ekin zion surfaren garapenari, eta 1970eko hamarkadan «taulen artisau fabrikazioaren lehen urratsetan» parte hartu zuen. Pukas tailer lanetan hasi zen, eta «nazioarteko erreferente» bilakatu zen gerora: han egindako taulak munduko txapeldunek erabili izan dituzte.
2016an Carmen Adarraga saria sortu zenetik, aintzatetsitako hamaikagarren emakumea da Azpiroz. Haren aurretik: Coro Fuentes, Mari Aiestaran, raketistak, Nieves Alza, Arantza del Puerto, Carmen Diez Mintegi, Azu Muguruza, Garbiñe Etxeberria, Tati Garmendia eta Marta Funes aintzatetsi dituzte. Aldundiaren esanetan, “guztiak dira erreferente” eta “aldaketa garrantzitsuak bultzatu dituzte kirolaren historian eta gizarte berdinzaleago bat eraikitzeko bidean”.
