Zaporeak-ek Palestinaren aldeko 10.000 euroko dohaintza egingo du
Zaporeak-ek San Tomas egunean jarritako postua.Zaporeak Zaporeak elkarteak postua jarri zuen Gipuzkoa plazan San Tomas egunean, eta bertan bildutako dirua Gazara bidaliko dute, “Palestinako lan humanitarioa laguntzeko”. Guztira, 10.000 euroko dohaintza egingo dute: “Dohaintza hau egin ahal izan dugu gerturatu zineten eta parte hartu zenuten guztiei esker, beste behin ere kalitate handiko produktuak eman dizkiguten kolaboratzaileei esker, eta baita ekarpen berezi bat egiteko elkartu ziren lagun talde bati esker ere. Zuen inplikazio eta konpromisoari esker, elkartasuna benetako laguntza bihurtzen da”, nabarmendu du elkarteak.
Zehazki, Salam Gaza erakundera bideratuko dute diruaren parte bat, “familia gazatarrei funtsezko hornidurak emateko —hala nola edateko ura, elikagaiak eta material sanitarioa—, tokiko erakundeekin elkarlanean eta ekintzak koordinatuta, besteak beste, jangelak sozialak sustatuz”.
Beste parte bat, bestalde, Yala Palestinari emango diote. Nafarroako hainbat kolektiboz eta eta pertsonez osatutako plataforma da, “zeintzuek elkartasun aktibo batekin Palestinako ospitaleekin, nekazari komunitateekin eta emakumeen kolektiboekin lankidetzan diharduten”. “Palestinako egoera humanitarioa kritikoa den une honetan, ekarpen honek krisi luze baten ondorioak pairatzen ari den biztanleriari babes eta laguntza adierazteko keinu bat izan nahi du”, gaineratu du Zaporeak-ek.
