Donostia Kirolak 82 Urrezko Kirol Txartel banatu ditu
Urrezko Kirol Txartelak banatu zituzten atzo, udaletxean.Donostiako Udala Donostia Kirolak Urrezko Kirol Txartelaren banaketa ekitaldia egin zuen atzo, udaletxean. Adierazi dutenez, aurtengo edizioa “historikoa” izan da: guztira, 82 sari banatu dira, orain arteko sari kopururik handiena.
Urrezko Kirol Txartela urtero ematen zaie kirolari donostiarrei, Espainiako estatuko eta nazioarteko txapelketetan lortutako emaitzengatik. Kiroletako zinegotzi Iñaki Gabarainek nabarmendu duenez, hiriko kirolarien “ahalegin, konpromiso eta talentuaren aitorpena” da Urrezko Kirol Txartela. Baina, aldi berean, Donostiako kirolak oro har duen indarraren isla ere bada: “askotarikoa, inklusiboa eta oinarri sendoa” duena, eta urtez urte hazten doana.
150 saridun, 27 modalitatetan
Aurtengo edizioan 27 kirol modalitatetan lortutako lorpenak aitortu dituzte, eta guztira 150 kirolari omendu dituzte. Hala, talde sarituen artean hiru liga txapeldun daude, bakoitza bere modalitatean: Super Amara Bera Bera, CHH Txuri Urdin eta Donostia Arraun Lagunak.
Sari guztietatik 77 Espainiako txapelketetan podiumera igo diren edo Europako zein munduko txapelketetan parte hartu duten banakako kirolarientzat izan dira.
Emakumeen presentzia
Nabarmendu beharrekoa da, halaber, sarituen %67a emakumeak izan direla, banakako zein taldekako kirolariak kontuan hartuta. Donostia Kirolaren iritziz, datu horrek sendotu egiten du Donostia, emakumeen kirola bultzatzeko eta ikusarazteko erreferente gisa.
Emakumeen presentziaren garrantzia hori azpimarratu zuen Gabarainek, ekitaldian: “Portzentaje hori ez da soilik datu bat: Donostian emakumeen kirola une historiko batean dagoela ere erakusten du. Liderrak dira, eredu dira, eta berdintasuna kiroletik ere eraikitzen dela erakusten ari dira”.
Aurtengo ekitaldian, gainera, kirol egokituaren hazkundea ere egiaztatu da: zortzi modalitatetan 22 kirolari saritu dituzte.
