Korrikarako motorrak berotzen ari dira Donostiako auzoetan: hitzaldiak, aurkezpenak eta beste
Korrika Kulturala prestatzen ari dira Donostiako auzoetan. Horrez gain, Bagera elkarteak autobusa antolatu du, Atharratzera joateko.
23. Korrika, Txomiñenetik pasatzen.AEK Martxoaren 19tik 29ra egingo dute 24. Korrika, Atharratzetik Bilbora, eta martxoaren 25ean helduko da Donostiara. Korrika giroa, ordea, zabaltzen ari da dagoeneko Euskal Herrian, baita Donostian ere. Hain zuzen ere, Korrika Kulturalaren antolaketan buru-belarri dabiltza auzoetako euskara batzordeak, eta aste honetatik bertatik aurrera antolatu dituzte jarduera batzuk —Korrika Kulturalaren Donostiako egitarau guztiak eduki bezain laster, IRUTXULOKO HITZAren webgunean aurkituko dituzue—.
Ostegunean (hilak 26), Euskal musikaren lekua streaming garaiotan tertulia antolatu dute Antiguako Txirain elkartean (19:00), Gorka Erostarbe eta Gotzon Barandiaranen eskutik. Egun berean, Amara Berriko Ernest Lluch Kultur Etxean, Euskaldungak antzezlanaren emanaldia antolatu dute, hamaiketako batekin batera (10:00). Antiguan, egitarau osoaren berri eman dute, jarraian ikus dezakezue.
Bestalde, Egiako Plaza Haundin, Korrikaren aurkezpena antolatu dute larunbaterako (hilak 27), arratsalde osoko egitarauarekin: 18:00etan, txokolate jana; 18:30ean, Korrikaren aurkezpena; 19:00etan, Pelax eta Anerren kontzertua eta, 19:30ean, erromeria.
Autobusa Atharratzera
Aipatu moduan, Korrika martxoaren 25ean pasatuko da Donostiatik, baina Atharratzera (Zuberoa) joan nahi izanez gero, Bagera Euskaltzaleen Elkarteak autobusa antolatu du: “Une hunkigarri hori bertatik bertara bizitzeko plan borobila prestatu dugu. Martxoaren 19an Donostiatik Atharratzera joateko autobusa antolatu dugu, euskararen aldeko lehen urratsak euskaltzale giro ezin hobean eta elkarrekin emateko”, azaldu dute.
Martxoaren 19ko goizeko bederatzietan aterako da autobusa, Argentinar Errepublikaren pasealekutik; Atharratzetik Donostiara itzultzeko, aldiz, 18:30ean aterako da autobusa. Txartelak hamabost euro balio ditu, eta hemen eman dezakezue izena.

