Legedia «zorrotz betetzen dela zaintzeko» eskatu dio Radio Taxi Donostiak erakundeei
Uber enpresaren auto baten artxiboko irudia.Wikipedia Uber ezustean iritsi zen Donostiara joan den astean, eta ibilgailu gidaridunen (IG) lizentziak Gipuzkoara iritsi direla-eta Radio Taxi Donostiak bere jarrera adierazi du hedabideetara bidalitako idatzi batean.
Joan den astean, Radio Taxi Donostiako ordezkariek sektoreko gainerako elkarteekin eta Taxien Euskal Federazioarekin batera, bilera egin zuen udaleko arduradunekin. Bertan, udal agintariek adierazi zieten “kezkatuta” zeudela operadore berri hori nola iritsi den ikusita eta erakundeak beren eskumenen barruan dagoen legedia “zorrotz betetzen dela zaintzeko” konpromisoa hartu zuen. Hala ere, IG arloko eskumenak udalari zuzenean ez dagozkionez, “ezinbestekotzat” jo dute administrazioen arteko “koordinazio eraginkorra” eta “beharrezko kontrol mekanismo guztiak aktibatzea”.
Gogoratu dutenez, IGak ez daude gaituta bide publikoan bezeroak zuzenean hartzeko, ezta taxiaren pareko hiri garraio gisa jarduteko ere; eta beren jarduera arautzen duen araubide juridiko espezifikora mugatu behar dute. Era berean, taxiaren tarifak “publikoak eta ofizialak” direla eta erregulazio administratiboaren mende ez daudela gogorarazi dute.
“Radio Taxi Donostik argi utzi nahi du Donostiako taxia funtsezko zerbitzu publikoa dela, hirian errotua, urteko 365 egunetan zerbitzua ematen duena, araudia zorrotz betetzen duten, tarifa arautuak aplikatzen dituzten eta herritarrei segurtasuna, irisgarritasuna eta kalitatea bermatzen dieten betebeharrak beren gain hartzen dituzten profesionalekin”. Horregatik, espero dute erakundeek “arduraz” jokatu eta ziurtatuko dutela lurraldean zerbitzua emango duen edozein operadorek lege esparrua zorrotz errespetatzen duela; eta ohartarazi dute “legezkotasuna betetzen ez dela edo hori bermatzeko beharrezko neurriak hartzen ez direla egiaztatzen bada, Donostiako taxiak dagozkion legezko bideetatik defendatuko ditu bere eskubideak, beharrezkotzat jotzen diren mobilizazioak barne”. Bitartean, “ahalik eta zerbitzurik onena” eskaintzen jarraituko dute.
