Sarrigurengo hilketa matxista salatu dute Donostian
Hilaren 20ean, Tatiana izeneko emakumea hil zuen bere bikotekideak, arma zuri batez, eta erasotzaileak haren ama ere larri zauritu zuen. Hilketa salatzeko batu ziren atzo dozenaka lagun, Bulebarrean.
Dozenaka lagun bildu ziren Bulebarrean, Sarrigurengo hilketa matxista salatzeko. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa Indarkeria matxistaren aurkako aldarria ozen entzun zen atzo Donostian, Sarrigurenen (Nafarroa) gertatutako hilketa matxista salatzeko egindako mobilizazioan. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta, dozenaka lagun bildu ziren indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain lelopean.
Hilaren 20ean, Tatiana izeneko emakumea hil zuen bere bikotekideak, arma zuri batez, eta erasotzaileak haren ama ere larri zauritu zuen. Antolatzaileek adierazi zutenez, aurten Euskal Herrian izandako lehen erailketa matxista da.
Bat gehiago
Nabarmendu zuten gertatutakoa ez dela kasu isolatua, baizik eta “sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialaren” ondorio den feminizidio bat. Indarkeria matxista “egiturazko arazoa” dela azpimarratu zuten, eta emakumeen aurkako kontrol eta nagusitasun mekanismoen adierazpen gisa kokatu zuten hilketa.
Era berean, gizonei interpelazio zuzena egin zieten; esan zuten indarkeria matxista ez dela emakumeen arazoa, “gizonek sortu eta elikatzen duten egiturazko arazoa” baizik. Isiltasuna ere konplizitatea dela adierazi zuten, eta pribilegio eta itun patriarkalak apurtzeko deia luzatu.
Eskakizunak, erakundeei
Erakundeei ere eskakizun zehatzak egin zizkieten: diskurtso hutsak alde batera utzi eta benetako baliabide publikoak jar ditzatela emakumeen eta haien seme-alaben babeserako.
Protokolo berritua martxan dutela gogorarazi zuten, eta herri eta auzo guztietan mobilizazioak antolatzera deitu.
