Unai Marrerok 2030era arte berritu du kontratua Realarekin
Unai Marrero atezaina, kontratua berritu ostean.Reala Unai Marrero Realeko atezainak bere kontratua berritu du klub txuri-urdinarekin, 2029-2030eko denboraldiaren amaierara arte. Jokin Aperribai presidenteak eta futbolari azpeitiarrak astelehen arratsaldean sinatu zuten kontratua, Anoetan.
Realaren gizonezkoen lehen taldeko bigarren atezaina da Marrero, Alex Remiroren atzetik. Aurten, ordea, aukera eduki du bere maila ona erakusteko, Espainiako Kopako partidak jokatzen aritu baita, min hartu zuen arte. Osasunaren aurkako kanporaketan protagonista izan zen, penaltietan egindako geldialdiei esker egin baitzuen aurrera Realak, hein handi batean.
