Zahar egoitzetako zaintzaileen aldeko manifestazioa egingo dute larunbatean
Bulebarretik abiatuko dute zahar etxeetako zaintzaileen aldeko greba larunbatean.Gipuzkoako Senideak Gipuzkoako zahar egoitzetako zaintzaileek hilabeteak daramatzate lan baldintza hobeen alde greba egiten. Gipuzkoako Senideak elkarteak elkartasuna adierazteko manifestazioa antolatu du larunbaterako, hilak 28. Bulebarretik abiatuko dute protesta ekintza, 12:00etan, eta deialdiarekin bat egin dute Ela eta Lab sindikatuek, Gipuzkoako pentsiodunak eta Denon bizitzak erdigunean plataformek eta Malen etxeak.
Senideek babesa adierazi nahi diete sektoreko langileei, lan hitzarmen duin eta zaintza publikoaren alde aurrera daramaten borrokan. Hala, aldundiari eskatu diote bere erantzukizuna bere gain har dezala eta enpresei eska diezaiela konponbidea bilatzeko, araudiak batera ditzala eta hitzarmen kolektiboa errazteko beharrezko urratsak eman. Horrez gain, gizarte politiketan gehiago inbertitzea era nahi dute.
“Gutxieneko zerbitzuek ez digute balio denboran betikotzen direnean: asteko dutxa bakarra, pixoihal-aldaketa gutxiago, oheko ordu gehiago, sendagaiak ematean akatsak, entzumen-aparatuen, hortzeria aparatuen kontrol txarra… arropa edo maindireak, behar den maiztasunez ez aldatzea… Inork nahi ez dituen egoerak dira, dagoeneko egunerokoan eskasak diren zerbitzu baten ondorioz sortuak”. Horregatik, gutxieneko zerbitzuengatik eman gabeko zerbitzuaren kuota bueltatzea nahi dute.
Herritarrei dei egin diete manifestazioan parte hartzera. “Gaur gure senideak dira, bihar guk pairatuko dugu egoera. Buka dezagun behingoz, sufrimendua besterik sortzen ez duen egoera honekin!”
