6.500 emakumek eta genero disidentek berdintasunaren alde egingo dute korrika
36. Lilatoiaren aurkezpena, udaletxearen aurrealdean.Donostiako Udala Igandean, martxoaren 1ean, 36. Lilatoia egingo dute. Oraingoan, 6.500 emakumek eta genero disidentek hartuko dute parte Donostiako Atletikok antolatutako bost kilometroko lasterketa herrikoian. Aurten, dortsal bakoitzaren ohiko euro solidarioa Gipuzkoako ACABE elkartera bideratuko da, elikadura portaeraren nahasmenduak dituzten pertsonei eta haien familiei laguntzeko.
Gaur goizean egin dute Lilatoiaren aurkezpena, eta lasterketaren egitarauaren berri eman dute, besteak beste. “Lehiaketatik harago, Lilatoia topaketarako eta parte hartzeko gune seguru bat da, eta adin guztietako emakumeek helburu bera dute: Donostiako kaleetan kirolaz gozatzea, komunitate baten parte sentitzea eta berdintasuna aldarrikatzea”, adierazi du Ane Oiarbide Berdintasuneko zinegotziak.
Ohiko zumba berotze kolektiboarekin hasiko da Lilatoia, 09:30ean. Ondoren izango dira irteerak: 09:55ean esku bizikletak, eta, 10:00etan, lasterkariak. Ibilbidean zehar, hainbat animazio eta musika puntu egongo dira parte hartzaileei laguntzeko. Horrez gain, batukada eta trikitilariak ere egongo dira, Lilatoia girotzeko.
Zerbitzuak eta kamiseta
Lasterketa egunean bertan kontsigna zerbitzua egongo da Gipuzkoa plazan, 09:00etatik 12:00etara, eta probaren ondoren, parte hartzaileek Kontxako hondartzako kabinetako dutxak erabili ahal izango dituzte.
Sari banaketa, berriz, Alderdi Ederren izango da, 11:00etan. Bertan, kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuak sarituko dira —juniorretan, absolutuetan eta beteranoetan—, bai eta hiru talde jendetsuenak ere. Sari banaketaren ondoren, ohiko Lilapotea —pintxoa eta edaria— izango da Parte Zaharreko hainbat tabernatan.
Bestalde, kamiseta ofizialak hilaren 27an eta 28an jaso ahal izango dira hautatutako establezimenduetan, haien ohiko ordutegian. Donostiako Emakumeen Etxean, ordutegia 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango da.
IRUTXULOKO HITZAko kideak Lilatoiko esatariak izango dira, hirugarrenez


