Amara Berriko trenbidea estaltzearen aldeko manifestazioa egingo dute larunbatean
Amara Berriko trenbidearen estaltzearen aldeko manifestazio bateko artxiboko irudia.Amara Berriko Auzo Elkartea ABAE Amara Berriko Auzo Elkarteak manifestaziora deitu du larunbaterako (hilak 28), “topoaren zarata jasaten duten auzoko bizilagunen atsedenerako eskubidea defendatzeko”. 12:00etan abiatuko da mobilizazioa, Aita Donostia plazatik.
“Topo bat 3,5 minutuero 05:00etatik 23:30era, gehi etorkizuneko merkantzia trenak, egoera jasanezina eta zuzengabea da”, salatu du auzo elkarteak. Hori dela eta, “Amara Berritik igarotzen den trenbidea estaltzea” da euren aldarrikapen nagusia, baita “goialdean oinezkoentzako pasealeku bat eraikitzea” ere. “Hori lortzeko, auzo osoaren laguntza behar dugu”, nabarmendu dute.
