Insaustik Amara Berri-Morlans trenbide zatia estaltzeko aurreproiektu bat eskatu du
Olatz Yarza, Jon Insausti eta Idoia Gracia, Amara Berriko topoaren ondoan.Nagore Garmendia Zenbait manifestazio eta eskariren ondoren, Anoetako eta Morlanseko geltokien arteko topoaren trenbide zatia estaltzeko aurreproiektu bat eskatu du Jon Insausti alkateak. Hala, topoak Amara Berriko bizilagunei eragindako kalteak konpontzeko bidean daudela adierazi du: “Amara Berrin eskari bat dago, eta esan genuen gehiago entzungo genuela, hobeto erantzuteko”.
Gaur goizean bertaratu da alkatea Amara Berrira, Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziarekin eta Idoia Gracia Auzoetako eta Herritarren Partaidetzako zinegotziarekin batera. Han adierazi du, bada, “aztertu beharrekoak aztertzen” hasiko direla, udalak “hiria hobetzeko anbizioa duelako” eta “donostiarren interesak defendatzea egokitzen zaielako”.
“Beti ikusi dugu topoa hiria batzen eta kohesionatzen duen elementu gisa; auzoak josten ditu”, adierazi du alkateak. Azken hamarkadan zehar topoari dagokionez eman diren aurrerapausoak aipatu ditu —Altzara topoa, Loiolako geltoki berria, Anoetako geltokiaren zabaltzea eta Altza-Galtzaraborda konexioa, esaterako—; “Horrek adierazten du hamarkadan zehar lan egin dela, trenbide sarea hobetzeari dagokionez”. Amara Berrikoa, hortaz, aurrerapauso handia izango dela esan du, “zifra zehatzei buruz” ari direlako, dagoeneko. Adierazi duenez, aurreproiektua funts foraletik etorritako diruarekin eramango dute aurrera.
Bizilagunak, pozik
Amara Berriko auzo elkarteko kideak ere bertaratu dira agerraldira, eta pozik daude, Insaustiren hitzak entzun eta gero: “Gaur entzun dugun honek ilusioz betetzen gaitu. Auzokide askorentzat lasaitasun bat da; EAJ gure arazoarekin bat dator, eta zuen babesa eskertu nahi dizuegu. Espero dugu denon artean argazki berri hori lortzea eta arazoak amaitzea”.
Insaustik, eskertuta, adierazi du Udal Gobernuaren indargune direla aliantzak: “Eskari zehaztei erantzun zuzenak eman behar zaizkie, eta aliantzek ematen dizkiete erantzun horiek hiriko erronkei. Horrela askatzen ditugu korapiloak”.


