Loiolako Erriberako etxebizitza berrietarako, parte hartze prozesu bat eskatu du EH Bilduk
Loiolako Erriberako 83 zuzkidura etxebizitzen simulazioa.Irekia Bihar Loiolako Erriberetan dagoen G.002 lurzatiari buruzko mozio arrunta eztabaidatuko da osoko bilkuran eta EH Bilduk eskatu du prozesu parte hartzaile bat aktibatzeko.
Izan ere, gogoratu dutenez, joan den hilean, urtarrileko osoko bilkuran, auzo bereko lursail batean, 83 zuzkidura apartamentu eraikitzeko Plan Berezia onartu zen, g.007 lursailean. EH Bilduk ez zuen Plan Berezia babestu, azaldu dutenez, “alternatiba bideragarriak daudela, eta desblokeatu beharrekoak, hiriko beste puntu batzuetan, hala nola AEMETen edo Agustindarren eraikinean”. Hirigintza ikuspegitik “desegokitzat” jo dute.
Ricardo Burutaran zinegotziak asteazken honetan hedabideen aurrean egin duen agerraldian esan duenez, udal jabetzako lursail hori “dotazio gisa” kalifikatuta zegoen auzoarentzat, eta bertan “ekipamenduak aurreikusten ziren auzoarentzat”. Bihar eztabaidatuko den azken honetan, bere garaian Eusko Jaurlaritzak Donostian dituen zerbitzu administratibo guztiak zentralizatzeko azpiegiturak eraikitzea aurreikusten zen.
Honela azaldu du Burutaranek: “Ezin dugu alde batera utzi G.002 lur sail honek tirabirak sortu dituela Udal Gobernuaren zein Eusko Jaurlaritzaren bazkideen artean. Zaratatik aldendu eta eztabaida zentratu nahi dugu, ordea: EH Bilduren ustez, partzela honetan prozesu parte-hartzaile erreal eta eraginkor bat lehenetsi behar da, bertan kokatu beharreko ekipamenduak zein etxebizitza dotazionalak zehazteko. Beti, berriro diogu, Loiolako Erriberako bizilagunekin adostasuna bilatuz”.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu du, g.007 ekipamenduko lurzatiari eman beharreko aurreikuspena berriz aztertzeko eskatuz, auzoaren ekipamendu-beharrei zerbitzua eman ahal izateko. “Hau da, aurreko osoko bilkuran onartutakoari buruz hausnartzeko eskatzen dugu”.


