San Bartolomeko «garaipenaren» ondoren, «gardentasuna» falta dela dio Victor Lasak
San Bartolomeko magala parke publiko bihurtzeko proposamena.San Bartolomeko herritarren plataforma Pozik agertu dira San Bartolomeko herritarren plataforma eta Ahal Dugu alderdia, gaur goizean udaletxean egindako agerraldian. Jon Insausti alkateak atzo jakinarazi zuen udal gobernuak behin betiko baztertu duela San Bartolomeko magalean merkataritza zentro bat eta lur azpiko aparkaleku bat eraikitzeko proiektua.
“Udal gobernuak onartu du San Bartolomen soilik parke publiko bat egongo dela, herritarren presioari eta Ahal Dugu-ren lan instituzionalari esker”, adierazi du Victor Lasak, Elkarrekin Donostiaren bozeramaileak eta Ahal Dugu-ko kideak. “Herritarren eta tokiko demokraziaren garaipena da. Orain gardentasuna falta da. Ez dakigu zein den sinaturiko kontratua, ezta ere inbertsio funtsarekin egindako akordioa eta konpentsazioa. Enpresa eraikitzaileek aise berreskuratu dute inbertsioa, eta ezin dute lursailarekin gehiago espekulatu”, nabarmendu du.
Partaidetza prozesua
Pasa den astelehenean, alkatearekin bilera egin zuen San Bartolomeko herritarren plataformak. Besteak beste, San Bartolomeko magalaren partaidetza prozesuaz aritu ziren. Udalak Aste Santurako aurreikusten du abiatzea, herritarren eta eragileen ekarpenak jasotzeko.
Magalaren erabilera aldatzeko eta egungo hirigintza plana baztertzeko, hiri antolamendurako plan orokorraren aldaketa partziala egin behar da. Hasierako onarpena ekainerako edo uztailerako onartu daitekeela uste du udalak. Behin betikoa, berriz, 2027ko uda baino lehen.


