«Sinesten dut Primeran-ek ekarri duen eta ekar dezakeen horretan»
'Linbo' saioa itzuliko da igandean. Baina ez ETB1era, Primeran plataformara baizik. Arretxeak iragarri du elkarrizketen tarteak pisu handiagoa izango duela.
Lander Arretxea, Linbo saioko zuzendaria. Hiru Damatxo ekoiztetxean urteak daramatza Lander Arretxeak (Donostia, 1992), askotariko lanak egiten. Linbo saioko zuzendaritza konpartituan Asier Kortabarria batu zaiola nabarmendu du. Eta funtsezkotzat jo du Beñat Iturbe eta Jone Bengoa gidoilarien lana. Lander Varona umorista ere batu zaie erredakzioko lanean.
Zer ikasi duzue Linbo-ren lehen denboralditik bigarrenera?
Dena genuen ikasteko; denentzat zen esperientzia berria. Modu asanblearioan egin izan dugu lan, bilera askorekin. Eta ikasi ditugun gauzetako bat izan da lanak ondo banatzea, ez hainbeste duplikatzeko. Bestalde, Aitziber Grados aurkezlea saio baten taldearen erdira iritsi zen, eta bigarren denboraldi honetan nahiko genuke Gradosi toki gehiago eman eta saioa harentzat prestatu, beretik egin dezan saioa ere. Era berean, EITBn ezohikoa den belaunaldi bat dago saioaren atzean eta talde artistikoan, eta hori da gure indargunea.
Formatuan aldaketarik egingo duzue?
Ez da aldaketa handirik izango. Iaz, atal bakoitzean hiru kolaboratzaile agertzen ziren, eta aurten bi agertuko dira. Elkarrizketei pisu handiagoa eman nahi diegu. Iaz konturatu ginen elkarrizketatu batzuei espazio gehiago ematea bagenuela, eta aurten horretan saiatuko gara. Oinarrian iazko lantaldea mantenduko dugu.
Grabaziotik emisiora tarte laburragoa pasatuko al da?
Bai, hain zuzen ere, bi astean behin asteazkenetan bi atal grabatuko ditugu, eta horietako bat igande horretan bertan emango dute Primeran-en. Beraz, aktualitatetik gertuago ibiliko gara iaz baino. Aldi berean, konturatu gara saioz saio eraiki behar dugula Linbo.
EITBtik zerbait berezia eskatu dizuete?
Zorionez, sintonia onean ari gara. Belaunaldi ikuspegiarena bada EITBk gurekin duen jarrera bat. Ausardia puntuarekin jarraitzeko eskatu digute. Aitziber Gradosi potentzialtasun handiagoa izateko bidea eskaini nahi diogu.
Albiste hau Berria-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker. Osorik irakurri dezakezue Berria-n.


