Asteburua aprobetxatzeko plan bila zabiltza Donostian?
'Trajea' antzezlaneko promozioko irudia.Txalo Produkzioak Zer plan asteburu honetarako Donostian? Gure agendan kultur eta aisialdi aukeraketa zabala aurkituko duzue, eta, horrez gain, egun bakoitzeko proposamen bat egingo dizuegu jarraian.
Ostiralean (hilak 27), Antzoki Zaharrera joatea da gure proposamena, Txalo Produkzioak ekoiztetxearen Trajea euskal antzerkia ikustera (19:00). Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza aktoreak dira protagonistak, eta ostiralean ez ezik, gaur (hilak 26), larunbatean eta igandean ere taularatuko dute. Sarrerak hemen daude salgai.
Larunbatean (hilak 28), Lugaritz Kultur Etxera joatea gomendatzen dizuegu, Aria talde donostiarraren kontzertura (19:30). Aurrera begira diskoa aurkeztuko du Marina Landa kantautorea buru duen taldeak, eta sarrerak hemen daude salgai.
Igandean (martxoak 1), Ibaetara joatea proposatzen dizuegu, izan ere, Ibaetako jaietako jarduera tradizionalena egingo dute: Aingeru Zaindariaren ermitako erromeria. 11:00etan meza egin ostean, trikitilariak, bertsolariak, jana, edana eta jai giroa egongo dira bertan.
Bonus track. Astean zehar plan bat egin nahi izanez gero, astelehenean, Ane Mayozek dinamizatutako Argialdiak euskarazko literatur solasaldia, doan, Okendo Kultur Etxean, 18:00etan.


