Cabezudo auziko akusazioaren abokatu Mario Diezen aurkako zigorra berretsi dute
Mario Diez akusazio partikularreko abokatua, Kote Cabezudoren aurkako epaiketan.Beñat Parra Espainiako Auzitegi Gorenak baztertu egin du Mario Diez abokatuak jarritako errekurtsoa eta, beraz, kalte ordainak ordaindu beharko dizkio Ana Isabel Perez Asenjo epaileari. Kote Cabezudo argazkilari eta erasotzaile donostiarraren aurkako akusazio partikularreko abokatua izan zen Mario Diez, Cabezudo salatu zuten biktima gehienen abokatua, hain zuzen ere. Perez Asenjoren ohorea urratu izanagatik zigortu dute Diez.
Abokatuak berak IT Magazine atarian azaldu duenez, 40.000 euroko kalte ordainak eman beharko dizkio epaileari, interesak eta kostuak kontatu gabe. Zigorra 2022an ezarri zioten, 60.000 kalte ordainekin, baina Gipuzkoako Auzitegiak apur bat arindu zuen gerora zigor hori. Hala ere, Diezek ziurtatu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko duela, zigor horren aurkako helegitea jarriz.
2018an egin zituen Diezek zigortua izatera eraman duten adierazpenak, Youtubera igo zituen hiru bideotan, Twitter sare sozialeko txio batean Intereconomia TV telebista kateko El Gato al Agua saioan eta Radio 4G irrati kateko La Jungla saioan. Bestalde, gogoratu behar da, auzi luze baten ostean, 28 urteko espetxe zigorra ezarri ziotela Cabezudori 2022an.


