«EAJ berriz ere PPrekin bakarrik geratu da atxilotutako pertsonen jatorria argitaratzeko aldebakarreko erabakian»
EH Bilduk Jon Insausti alkateari eskatu dio harturiko erabakia bertan behera uzteko, otsaileko udalbatzarrean.
EH Bilduren zinegotziak, osoko bilkuran.EH Bildu Hilabete hasieran, Donostiako Udaltzaingoak atxilotuen jatorriaren berri ematea baimendu zuen Jon Insausti alkateak. Erabakia horren kontra agertu ziren udal talde gehienak eta hiriko eragile asko.
Hori dela eta, erabaki hori bertan behera uzteko eskatu dio EH Bilduk alkateari, otsaileko osoko bilkuran. Ordea, mozioaren kontra bozkatu dute EAJk eta PPk. “EAJ berriz ere PPrekin bakarrik geratu da atxilotutako pertsonen jatorria argitaratzeko aldebakarreko erabakian”, deitoratu du udal taldeak.
Osoko bilkurako saioan, Izar Hernando zinegotziak adierazi du erabakiak “hautsi egiten duela Donostian zein Euskal Herrian ematen den adostasunarekin”. Gaineratu du “beste arrakala bat” sortu duela udal gobernuko bi bazkideen artean. “Donostiako gizarteak ontzat jotzen du datuak jatorriaren arabera ez argitaratzeko informazio politika. Horrelako eragina duen erabaki batean eskatzen den gutxienekoa, are gehiago aldebakarrez hartzen denean, zorroztasuna eta zuhurtzia da”, eskatu du Hernandok.
Horrekin batera, alkatearen jokabidearekin oso kritiko agertu da: “Insaustik ez du oraindik erabaki hori justifikatzen duen arrazoi objektiborik eman. Ez eman dituen elkarrizketa ugarietan, ezta gaiaz zuzenean galdetu zaion batzordeetan ere. Besterik gabe, ez dugu pisuzko argudiorik entzun. Zehazki, zertan hobetuko da donostiarren segurtasuna? Oraindik ez dakigu zertan bereizten diren Donostia Bilbotik, Gasteiztik edo Iruñetik, Donostia hiriburu bakarra izan dadin kontrakoa egiten”.
Insaustik emandako “argudio bakarrak” aipatu ditu Hernandok. “Donostiarrak segurtasunarekin kezkatuta daudela eta gizartea bat datorrela Insaustik Euskal Polizia deitzen duen ereduarekin. Batekin edo bestarekin ados egon gaitezke, baina honek ez du zerikusirik pertsonen jatorria argitaratzeko arrazoiarekin. Arazo garrantzitsuei ezin zaie erantzun hutsalik eman, hori egiten baitu, hain zuzen ere, eskuin muturrak”, azaldu du.
EH Bilduk gaineratu duenez, “ez dago hartutako erabakia bermatzen edo justifikatzen duen polizia edo segurtasun arrazoirik”. “Ez du delituen tasa murrizten lagunduko, noski ez duela biktimen errekuperazio prozesua arinduko, eta noski ez duela gizarteak immigrazioarekiko duen pertzepzioa hobetuko. Atxilotuen jatorriak gutxitan ematen du delituari buruzko informazio garrantzitsurik; izan ere, adituen arabera, jokabide indibidual bat segurtasun-arazo bihurtu baino ez du egiten, eta jokabide jakin batzuk delinkuentziarekin lotzen ditu automatikoki, estereotipo negatiboak iraunaraziz”, nabarmendu du Hernandok.
Segurtasunaz hitz egin behar dela esan du zinegotziak: “Zer egin dezakegu herritarrak seguruago senti daitezen? Argiteria, hirigintza, berdintasuna, sare komunitarioa, poliziaren esku-hartzea eta beste hainbat parametro hartuz. Galdera hauek egokiak dira, are gehiago, beharrezkoak dira, baina adostasun politiko eta sozialetik erantzun behar diegu, suposatzen duen erronkagatik. EAJk badaki atxilotuen jatorriak argitaratzeak susmagarritzat jo ditzakeela talde osoak? EAJk badaki eskuin muturrak ez duela gardentasunik nahi, zarata gehiago baizik, bere diskurtso arrazista eta xenofoboa elikatzen jarraitzeko?”.


