First Lego League torneoa larunbat honetan egingo dute
First Lego League Euskadi programaren 17. edizioan anfitrioi izango da Donostia, besteak beste. Innobasque First Lego League Euskadi torneoa larunbat honetan, hilaren 28an, egingo dute Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen, aldi berean. Guztira, Euskadiko 68 ikastetxetako 205 taldek hartuko dute parte: guztira, 3.400 ikasle.
Parte-hartzaileek aurtengo erronkari —arkeologiarekin lotutakoa— erantzuteko sei hilabetetan garatu duten berrikuntza proiektua aurkeztuko dute, baita programatu duten robota ere. Horrez gain, proiektuan landutako balioen agerraldia egingo dute.
Aurkezpenak baino gehiago
Torneoan Opengune izeneko guneak ere egongo dira familientzat eta bertaratzen direnentzat. Bertan, hainbat jarduera eta baliabide eskainiko dituzte, besteak beste, erakusmahaiak, droneen erakustaldiak, jarduera ludikoak, 3D inprimagailuak eta arkeologiarekin lotutako tailerrak.
Sari banaketa 14:00etatik aurrera egingo dute: Challenge kategoriako bederatzi talde sailkatuko dira Espainiako finalerako; final hori apirilaren 11n egingo da Burgosen. Nazioarteko finala, berriz, Houstonen izango da, 2026ko apirilaren 29tik maiatzaren 2ra bitartean.


