Hamar pilota jaialdi profesional jokatuko dituzte Atano III.ean urtean, gutxienez
Donostia Kirolak eta Pelota Pro Ligak akordioa erdietsi dute.Donostiako Udala Donostia Kirola udal erakundeak eta Pilota Pro Ligak akordioa erdietsi dute “2026an Atano III.a pilotalekuan pilota profesionaleko partiden presentzia handitzeko”, udalak azaldu duenez. Akordio horren bidez, urtean hamar pilota jaialdi profesional jokatuko dituzte Donostiako frontoi horretan, gutxienez: Lau eta Erdiko Txapelketako bi jaialdi, finalerdietako partida bat barne; Binakako Txapelketako sei jaialdi, gutxienez bat finalerdietako partidarekin eta Buruz Buruko Txapelketako bi jaialdi, finalerdietako partida bat barne.
Asteazkenean (hilak 25) aurkeztu zuten akordioa, Atanon bertan, Joserra Garaik (Pilota Pro Liga), Inaxio Errandoneak (Aspe), Unai Iglesiasek (Baiko) eta Iñaki Gabarainek (Kirola eta Bizitza Osasungarriko zinegotzia). “Historia eta zaletasunagatik dagokion lekura itzuli nahi dugu Donostia, Gipuzkoako pilotaren une bereziki gozoan gainera”, nabarmendu du Gabarainek.
Haurren presentzia
Hitzarmenak haurrak jaialdietara sar daitezen errazteko egitasmoak jasotzen ditu, udalak azaldu duenez. Alde batetik, jaialdi bakoitzeko sarrera kopuru jakin bat erreserbatzea 14 urtetik beherakoentzat, heldu batek lagunduta, prezio murriztuan. Bestetik, erreboteko doako sarrera kopuru jakin bat ematea Gipuzkoako pilota eskolei, lurraldeko klubetako 14 urtetik beherakoentzat. Udalak gogorarazi duenez, 2025ean, 20.000 ikusle baino gehiago joan ziren Anoetako Kirol Hiriko frontoietan egindako pilota ekitaldietara.


