Hiriko baliabideak ezagutu dituzte Familia Laguna programako partaideek
Asteazkenean San Telmon egindako jarduerako irudia. Ongi Etorri Eskolara Ongi Etorri Eskolara egitasmoak antolatzen duen Familia Laguna programaren barruan Baliabideen ibilbidea topaketa egin zuen atzo San Telmo museoan. Horren bidez, hiriko baliabide eta zerbitzuak lehen eskutik ezagutzeko aukera izan zuten programako partaideek, izan ere, asko ikasturte honetan iritsi dira Donostiara.
Jarduera bosgarren urtez jarraian ospatu dute, eta oraingoan, Emakumeen Etxeko, Haurtxoko eta Gaztelekuetako, Sos Arrazakeriako, Bidez Bide elkarteko, Mestiza elkarteko, Bagera elkarteko, Erroak Sartu enplegu zentroko, Saretxe etxebizitza sindikatuko eta Aizkorri Eskaut taldeko ordezkariek parte hartu zuten. Halaber, eskola eta komunitatean parte hartzearekin zerikusia duten beste eragile edo zerbitzuen inguruko informazioa ere eman zieten bertaratutakoei, hala nola ikastetxeetako AFAei, Oporretan euskaraz udaleku programari eta Donostia Kulturaren eskaintzari buruzkoa.
Antolatzaileen esanetan, bertaratutako familiek adierazi dute ekimena beraien errotze prozesurako oso interesgarria egin zitzaiela, eta positiboki baloratu dute informazio zuzena eta gertukoa eskuratzeko aukera.
Familia Lagunak iritsi berri diren familiak eta bertako familiak harremanetan jartzen ditu kultur arteko elkartrukea sustatu eta laguntza sareak sortuz. Helburua beste herrialde batzuetatik iritsi berri diren familiei familien parte-hartzea sustatzea eta euskarara edota euskal kulturara gerturatzea erraztea da.
Hamargarren urtez, Donostiako haur eta lehen hezkuntzako bederatzi ikastetxetan aurrera daramate programa. Guztira, 110 familiak parte hartzen dute. Programaren helburua da beste herrialde batzuetatik iritsi berri diren familiei harrera egitea, Horretarako, iritsi berri diren familiak eta bertako familiak harremanetan jartzen dira, kulturen arteko elkartrukea, informazio truke fidagarria eta laguntza sareak sortuz. Era berean, euskararen garrantzia modu hurbilean transmititzen laguntzen du, familiak herriaren bizitzan aktiboki barneratzeko.


