Imanol Olalde donostiarraren 'Antxumeak' film laburra saritu dute
'Planetagatik' film labur irabazlean grabazioa.Donostia Kultura Donostia Kulturak jakinarazi duenez, Imanol Olalde donostiarrak irabazi du Oihua! sorkuntza egitasmoaren laugarren edizioa, Antxumeak film laburraren proiektuarekin. Aurtengo Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean proiektatuko da.
Oihua! Donostia Kulturak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak bultzatutako egitasmoa da, euskaraz filmatzen den fantasiazko generoa indartzeko helburuarekin sortuta eta sortzaile hasiberriei zuzenduta. Irabazleak ikus-entzunezko profesional entzutetsu baten aholkularitza eta laguntza izango du lan prozesuan zehar. Gainera, proiektuaren ekoizpenerako 10.000 eurora bitarteko laguntza izango du. Zentzu horretan, Larrotxene Bideoren tutoretzapean eta elkarlanean ekoiztuko da gidoia.
Laugarren edizioak berrikuntza bat ere badu. Larrotxene Bideok Musikenerekin elkarlan hitzarmena sinatu du, eta horren bidez, film laburraren soinu banda Musikeneko ikasleek sortuko dute.
29 gidoi
Donostia Kulturak laugarren Oihu! sorkuntza egitasmorako 29 gidoi jaso ditu. Lanen jatorriari dagokionez, hogeita bi Gipuzkoatik iritsi dira, sei Bizkaitik eta bat Arabatik. Aurkeztutako gidoi guztien kalitate eta izaera profesionala nabarmendu du epaimahaiak.
Epaimahaikideak Unai Guerra eta Laura Gallego (Larrotxene Bideo), Josemi Beltran (Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea) eta Alex Aisa (Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua) izan dira. Irabazlea aukeratzeko hainbat irizpide erabili dira: sormena eta kalitate artistikoa, ekoizpenaren bideragarritasuna, eta euskararen maila.
‘Antxumeak’
Irabazle suertatu den Imanol Olalderen gidoia, Antxumeak film laburrarena, drama psikologiko klasiko baten egitura du: guraso baten larritasuna bere seme-alabak salbatzeko. Hala ere, drama hori garrantzitsuagoa den beste gai batean sakontzeko abiapuntua baino ez da: naturak badu oreka lege aldaezin bat, gizakiok etengabe uko egiten saiatzen dioguna, beti gehiago, hobeto edo azkarragoaren bila. Berehalakotasun eta norberekeriazko garai hauetan, ezinbestekoa da gogoraraztea bizitzan ekintza orok duela bere ondorioa, askotan mingarria edo deserosoa izan daitekeena.
Gogoeta hori gorpuzteko egile donostiarrak Euskal Herriko elementu mitologikoak erabiliko ditu. Akerra, atsoa/sorgina eta basoko indarrak, hain zuzen, baina ez ikuspegi folkloriko huts eta nostalgiko batetik, baizik eta mito horiek bizirik mantentzea eta eguneratzea du helburu. Gaur egungo gizartean txertatu ditu, antzinako indar horiek egunerokotasuna ulertu eta azaltzeko egokiak direla erakutsiz.
Epaimahaiak Antxumeak lanaren honako alderdiak nabarmendu ditu: “Euskal mitologiaren arketipoen berrirakurketa garaikidea eta folk-horror generoa gure lurraldearen gertutasunera ekartzea”.


