Parketik parkera egitasmoak hiriko berdeguneak ezagutzeko aukera ematen jarraituko du
Egitasmoaren bigarren urteko programa aurkeztu dute.Cristina Enea Fundazioa Martxoaren lehen asteburuan amaituko da Parketik parkera egitasmoak antolatutako lehen saio sorta, eta hari jarraipena emanez, Cristina Enea Fundazioak 2026-2027 urteari begirakoa aurkeztu du. Urtero bakoitzean hiriko parke eta ingurune natural bat ezagutzeko irteera antolatzen du, bisita horien bidez naturarekiko harremana indartu eta familian gozatzeko xedez.
Martxoaren lehen asteburuan 2025-2026 aldiko neguko irteera egingo dute Ulia mendiaren inguruak bisitatuz. Bertan, bere historia ezagutzeaz gain, partaideek bertako txoko ederrak arakatuko dituzte eta familian gozatzeko parada izango dute. Larunbatean, euskaraz izango da irteera, igandean, berriz, gaztelaniaz.
Izena eman daiteke www.cristinaenea.eus webgunean.
Datozen urtaroei begira, berriz, ingurumen eta historia aberatsa duten lau gune hauek aukeratu dituzte: Lauaizeta (udaberria), Santa Klara uhartea (udara), Miramon parkea (udazkena), Gladys Enea (negua). Data zehatzen berri unean unean emango dute.
Ingurumen zinegotzi Iñigo Garciak ekimenaren balio hezitzaile eta soziala nabarmendu ditu: “natura ez dagoela urrun gogorarazten digu: hemen bertan dago, gure auzoetan, gure parkeetan eta gure eguneroko bideetan. Gune horiek familiei hurbiltzea hiriarekiko lotura sendotzeko modu bat da, hura zaintzen ikasteko modu bat, eta txikienei gure ingurunea zaintzearen garrantzia transmititzeko modu bat. Donostiak aparteko ondare berdea du, eta herritarrek ondare hori bizitzea, sentitzea eta gozatzea nahi dugu”.
Cristina Enea Fundazioko ingurumen-hezkuntzako taldeko kide Uxua Aranak azaldu duenez, kokapen horien aukeraketa ingurumen eta kultura irizpideen araberakoa da: “Aberastasun natural handiko espazioak dira, baina baita historikoak ere; irteeraz gozatzeaz gain, familiek hain hurbil dauden eta, batzuetan, hain ezagunak ez diren ingurune horien alderdi ezezagunak aurkitzea nahi dugu”.


