Udalak Torrua Zaharreko lursaila garbitu du, bi urteren ondoren
Udalbatzarrean lursailaren inguruko kontrol mozioa eztabaidatzen ari zarenean zeuden makinak Martutenen. EH Bilduk gogorarazi du "partzelaren utzikeria duela bi urte" eraman zutela udalbatzarrera estreinakoz.
Udal langileek Torrua Zaharreko lursaila garbitu dute.Donostiako Udala Zabor pilaketaren ondorioz, bizilagunen kexak eragin izan dituen Torrua Zaharreko lursaila erabat garbitzeari ekin diote udal langileek gaur goizean, aurretik abisatu gabe. Martuteneko 27 Industrialdea dagoen orubean esku hartzeari ekin aurretik, udaleko zerbitzu teknikoek hainbat ikuskapen bisita egin dituzte, metatutako hondakinen irismena ebaluatu, eta beharrezko jarduerak zehaztu dituzte garbiketaren, segurtasunaren eta osasungarritasunaren ikuspegitik.
Hala, lurzatia osorik garbitu dute, utzitako hondakinak erretiratuz eta araudiaren arabera kudeatuz. Ondoren, itxitura perimetrala egin edo sendotu dute, hesiak disuasio eta babes funtzioa behar bezala betetzen duela bermatuz. Azkenik, kontrol eta jarraipen neurri osagarriak hartuko dituzte, isuri berriei aurre hartzeko, baita zonaldearen aldizkako zaintza ere.
Bi urteren ondoren
Otsaileko udalbatzarra egin dute gaur, eta, hain justu, EH Bilduk lursailaren egoeraren inguruko mozioa aurkeztu du, udal gobernuari eskatuz eremua garbitu zezala. Hain zuzen ere, Garbiñe Alkiza zinegotzia mozioa aurkezten ari zen bitartean zeuden makinak eremu horretan, zaborra kentzen: “Ez da kasualitatea izan, bere utzikeria zuritzeko ahalegina baizik. Gogoratu nahi dugu urtarrilean Arartekoa ere mintzatu zela egoeraz”, salatu du EH Bilduk.
Ildo beretik, oposizioko taldeak gogorarazi du “duela bi urte” eraman zuela auzia estreinakoz udalbatzarrera: “Orduan Plan Berezi bat egitea eskatu genuen partzela horri beste erabilera bat emateko, eta udal gobernuak ezetz esan zigun. Geroztik, zaborra pilatzen joan da. Gaur berriro ekarri dugu kontrol mozioa, izan ere azken bi urteetan bi aldiz egon gara 27 Industrialdeko langile eta erabiltzaileekin, eta haien kezka helarazi digute gaiarekin”.

Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak 27 Industrialdearen ondoko lursailaren egoerari buruzko mozioa aurkeztu du udalbatzarrean.EH Bildu
Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Carlos Garciak udalbatzarrean azaldu duenez, horrelako lursailetan esku hartzeko beharrezkoak diren administrazio prozedurak izapidetu behar dira, baita hiri mantentze, osasun publiko eta ondarearen arloan eskumena duten udal arloen arteko koordinazioa ere, aurrekontu partida edukitzeaz gain. Halaber, herritarren eta enpresen erantzunkidetasuna eskatu die, “izan ere, hondakinak legez kanpo biltegiratzea arau haustea da, hiri osoari kalte egiten dio eta herritar guztiengan eragina duten kostu ekonomikoak eta ingurumenekoak sortzen ditu”.



