Zahar etxeetako langileek itxialdia hasi dute Emakumeen Etxean
Gipuzkoako zahar etxeetako langile batzuek itxialdia abiatu dute Emakumeen Etxean.ELA Gipuzkoako zahar egoitzetako eta eguneko zentroetako 5.000 langile inguru greba egitera deituta zeuden gaurko eta biharko (hilak 26-27), ELA sindikatuaren eskutik. Lehenengo greba egunean, manifestazioa egin dute langileek Donostian, baita Okendo kaleko Emakumeen Etxera joan eta bertan itxialdia hasi ere, sindikatuak jakinarazi duenez, “babes soziala lortzeko eta gatazkan Gipuzkoako Foru Aldundiaren berehalako esku hartzea eskatzeko”.
Salatu dutenez,”hitzarmenaren negoziazioa erabat blokeatuta dago, patronalek proposamenik egin ez dutelako”. Aldiz, langileek ehun greba egun baino gehiago egin dituzte dagoeneko: “Foru aldundiak Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroen sektorea pribatizatu izanak lan baldintzen zein zerbitzuaren kalitatearen etengabeko narriadura ekarri du. Prekaritatea handitzen ari da: plantillaren ia erdiak borondatezkoak ez diren lanaldi partzialak ditu, eta langileek urtean 10.000 euro gutxiago kobratzen dute lan bera egiten duen langile publikoekin alderatuta”.
Horrela, honakoak dira langileen “eskaera nagusiak”: “%100eko lanaldiak bermatzea eta soldata arrakala amaitzea”. “Sindikatuak uste du foru gobernuak bultzatzen duen zaintza eredua genero diskriminazioan oinarritzen dela, eta Martxoaren 8a gerturatzen ari den honetan, diputatu nagusia den Eider Mendozari, berdintasunaren inguruko diskurtso instituzionala praktikara eramateko eskatu dio”.


