Bat, bi eta hiru
‘TRE CIOTOLE’
Zuzendaria: Isabel Coixet
Urtea: 2025
Herrialdea: Espainia-Italia
Bi aste igaro dira jada Isabel Coixet zinemagile bartzelonarrak Tre Ciotole filma aurkeztu zuenetik. Alba Rohrwacher, Elio Germano eta Francesco Carrilekin Erroman girotutako –eta filmatutako– filma, Michela Murgia idazle eta aktibista sardiniarraren bi kontakizun erdi-autobiografiko (eta hil ostekoak) egokitzen dituena. Melodrama pausatua, argitsua, bizitzari, heriotzari eta doluari buruzkoa. Eta banabil, oraindik, nigan utzi duen arrastoa argitu nahian.
Zerbait bada Coixeten zinema ezaugarritzen duena, da sortzailea beraren arrastoa dariela haren film guztiei. Ikusi dut desira, bakardadea, inkomunikazioa eta heriotzaren gisako gai mardulei heltzen, eta aldiro identifikatu dut bere mintzaira intimo eta poetikoa. Gustatuko zaizu, kostatuko zaizu edo, akaso, nekatu ere egingo zaitu. Baina ezingo duzu esan berearekin, edozer dela ere berea, bete ez duenik: inoiz, orain ere ez, ez baitio uko egin begirada propioz, koherentziaz eta erraietatik zuzentzeari.
Gai handiei buruz hitz egitea da kontua –kasu honetan, bizitza, maitasuna, heriotza, dolua–, barru-barrutik, egunerokotik abiatuta eta pertsonaietan fokua jarriz. Eta horretan aurkezten digu Marta (Rohrwacher), 40 urte inguruko emakumea, bere bikotearengandik banatzeko prozesu betean dela, osasun arazo bat duela jakingo duena. Bizitza hankaz gora eta izuak jota –edo ez–, gogor eutsiko dio bizitzeko grinari.
Hona hemen galdera: bizitzen jakin ez dugula –edo ondo bizitzen asmatu ez dugula– onartu beharra da «hiltzearen beldurrak» gordetzen duen benetako izua? Bada, nik baietz diot, eta Coixetek, ere bai. Existentziaren amaieraz jabetzen den emakumearen prozesua erradiografiatzen du, bere hauskortasunaz kontziente den unetik gozamen erreakzio batek hartzen duenean.
Eta emaitza ederra da. Film samurra, fisikoa, labainkorra eta bizia. Xehetasunez beterikoa eta, era berean, ezin sotilagoa. Gauza txikien pertzepzioari, bizitza bizitzeko beharrari, besteengan uzten dugun arrastoari, erresistentziari buruzko sinbolo bilakatzeko gai dena.


