Dena prest dago Lilatoriaren 36. aldirako
Martxoaren 1ean egingo dute emakume eta genero disidenteko pertsonen urteroko lasterketa esanguratsua: Lilatoia. Hala, Ismene Mendizabal Donostiako Atletikoko komunikazio arduradunak xehetasun guztiak eman ditu, lasterketarako ordu gutxi falta diren honetan.
Lilatoiaren 36. aldiz izango da aurtengoa.Joseba Parron San Sebastian Lasterketa sortu zutenek sarritan kontatu izan diete oraingo antolatzaileei, berauren zergatia. Emakumeek kirola egiteko zuten zailtasuna, kalera beren kabuz ateratzekoa. Lilatoia sortu zuen Donostiako Atletikok duela 36 urte, hain zuzen, horretarako; emakumeek kirola egiteko toki seguru bat izan zezaten, komunitatea sortu, eta, aldi berean, indartzeko. Gaur egun, hala, aldarrikapen hori hauspotzen jarraitzen du klubak, eta denbora egitera joan beharrean, hor egon daitezkeela ospatzera irteten dira parte hartzaileak, korrikan.
Olatu arrosa
36. aldia izango da aurtengoa, eta dena prest dute, dagoeneko: martxoaren 1ean, igandearekin, beteko dira Donostiako kaleak kamiseta arrosaz. 6.500, hain zuzen ere. 6.500 dortsal, 6.500 emakume eta genero disidenteko pertsona, askotariko jaioterri eta adinekoak, denak helburu eta gogo berarekin. Ismene Mendizabal Donostiako Atletikoko komunikazio arduradunak kontatu duenez, «inoizko partaidetzarik handiena» da aurtengoa. Penarekin daude, ordea, 1.600 pertsona gelditu direlako itxaron zerrendan, baina «ibilbideak ez du gehiagorako ematen».
Urteroko kontua da jendea kanpoan gelditzearena, eta, horregatik, ibilbidean aldaketa bat egin dute aurten: lehen, Zurriolako zubitik egiten zuten joan-etorria, baina, aurten, Santa Katalina zubiraino joan eta Zurriolako zubitik egingo dute buelta Bulebarrera. Modu horretara, datozen urteetan partaide kopurua igo ahal izango duten ikusiko dute.
Hilabete baino gutxiagoan amaitu ziren dortsalak, aurtengo Lilatoirako. Mendizabalek esan du «sorpresa handia» izan dela, ez zutelako espero dortsalak hain azkar amaitzerik. Hala ere, horrek antolakuntzarako denbora gehiago eman die, eta lasai egin dute prozesu guztia.
Beroketa, ezinbestekoa
Batzuentzat, urteroko ezinbesteko zita bihurtu da lasterketa. Hala, bakoitzak bere erara prestatzen du. Mendizabalek kontatu du talde dezente ere badaudela, 40 inguru, eta horiek beren taldeetan entrenatzen dutela. Aurten, hala ere, Prelilatoia egitasmoa egin zuten igandean, hilak 22; beroketa baten eredu bat edukitzeko topaketa bat izan zen, zalantzak argitzeko, lasterketara segurtasunarekin joan eta beldurra kentzeko. Izan ere, lehen aldia da aurtengoa, partaide askorentzat.
Horren harira, datorren urterako proiektu berri bat dute esku artean: «Entrenamendu taldeak sortu nahiko genituzke, denek bera egin eta errazagoa izateko», azaldu du Mendizabalek.
Egun handia
Azken momentuan egoerak okerrera egingo ez balu, behintzat, eguraldia lagun izango dute igandean, korrika egitera aterako direnek. Egun eguzkitsua goiz hasiko da, hala; 09:00etatik aurrera eta 12:00ak baino lehen, beren trasteak utzi eta jaso ahal izango dituzte partaide guztiek, kontsigna ordu horien bitartean egongo baita erabilgarri, Gipuzkoa plazan.
Beroketaren txanda izango da, gero: 09:30ean, zumba saioa egingo dute Bulebarreko kioskoan, eta 09:55ean hasiko da lasterketa, Bulebarretik; ordu horretan, esku bizikletako modalitatekoak irtengo dira. 10:00etan izango da irteera nagusia, eta ordubete beranduago, 11:00etan, sari banaketa egingo dute Alderdi Eder aldeko udaletxeko balkoian.
Irutxuloko Hitzako kideak Lilatoiko esatariak izango dira, hirugarrenez
Irutxuloko Hitzako bi kazetari izango dira Lilatoiko esatariak, hirugarrenez. 2023an jaso zuen hedabideak Donostiako Atletikoren proposamena, eta azken bi urteetan onartu ostean, berriro iritsi da proposamena. Hala, Nagore Garmendia Artano eta Andrea Bosch Alfaro kazetariak egongo dira martxoaren 1ean, hedabidearen izenean, Lilatoiari ahotsa jartzen, 10:00etan, Bulebarrean.
Mendizabalek adierazi du «oso pozik eta oso eskertuta» daudela hedabidearekin duten elkarlanarekin: «Lasterketak irudikatzen duena, Irutxuloko Hitzak ere irudikatzen du». Horregatik, lasterketaren babesle ere bada hedabide hau.


