Fundamentalismoei buruz hausnartzeko topaketak antolatu dituzte
Medicus Mundi, Crea eta Manuela Ramos elkarteek antolatutako jardunaldiak apirilaren 23an eta 24an egingo dituzte, Psikologia fakultatean. Izen ematea abian da.
Gipuzkoako Medicus Mundi, Crea eta Manuela Ramos elkarteek antolatuta, Fundamentalismoari buruzko 8. topaketa aurrera eramango dute apirilean. Egitasmoa hausnarketarako gune izatea nahi dute, egungo testuinguru soziopolitikoa eta honek feminismoarekin, antiarrazismoarekin eta giza eskubideen aldeko borrokarekin dituen elkarguneak aztertzeko. Ikuspegi hori oinarri hartuta, botere logika horiek beldurraren politiketan, militarizazio prozesuetan eta gizarte mugimenduen kriminalizazioan nola artikulatzen diren aztertzeko proposamena da.
Fundamentalismoek gizarte arau gisa pentsaera bakar eta aldaezin bat defendatzen dute eta askotariko adierazpen kultural, erlijioso, ekonomiko zein politiko daude. Topaketa hauetan bizitzari eusten dioten erresistentziak ikusarazi eta balioetsiko dituzte gizarte-mugimenduak, esperientzia komunitarioak eta alternatiba kolektiboak eraikiz antolatzen diren praktika feministak hurbilduko dizkiete partaideei.
Solasaldietan parte hartuko dutenen artean daude Irene Zugasti politologo eta ikertzailea, Begoña Zabala abokatu eta militante feminista edota Brigitte Vasallo idazle feminista. Egitarau osoa hemen dago ikusgai.
Saioak EHUko Ibaetako campusean dagoen Psikologia eta HEFA Fakultateetako areto nagusian gauzatuko dute apirilaren 23an eta 24an. Izen ematea doakoa da eta apirilaren 10a arte zabalik egongo da, Medicus Mundiren webgunearen bidez egin behar da.
