Hormek hitz egingo balute
'Love' hitza, egurrarekin eginda.Joseba Parron San Sebastian Nire lagunei,
Elkarrekin altxa ditugu hormak, teilatuak eta babeslekuak. Egurrak, metalak, torlojuak jaso ditugu urtetan eta eraiki dugu maitasun bat, gurekin batera hazi dena eta eraman gaituena, noizean behin, egurrak, metalak eta torlojuak askatu eta berriro hastera. Behin baino gehiagotan egin dugunez, eraiki ditugu milaka maitasun, denak diferenteak eta eutsi dugu bizitza eskuekin, torlojuak askatzea, batzuetan, ez dagoelako guztiz gaizki.
Eraiki dugu etxe bat elkarrekin eta landatu ditugu loreak —margaritak, beti— hainbeste ordu pasatu ditugun jardin horretan. Ureztatu ditugu loreak, geure burua, eta ondokoarena. Eraiki ditugu pisuak, kozinatu dugu hau, gurea, su baxuan eta noizbait erre bagara ere, sendatu dizkiogu zauriak elkarri.
Badira harremanak eraikitzen direnak, eta badira gu eraikitzen gaituztenak.
Zuei,
Ohituta zaudete horrelakoak irakurtzen, baina, utzidazue, noizean behin bada ere, torloju guztiak askatu, eraikitakoa eskuekin heldu eta maite zaituztedala esaten.


