Intxaurdok proiektua: haurrak zinemagile, euskaraz eta auzotik
Proiektu interesgarri bat garatzen ari dira Intxaurrondo Hegoa ikastetxeko haurrak, Larrotxene Kultur Etxearekin batera: Intxaurdok. Film bat egiteak duen lana lehenengo pertsonan bizitzen ari dira.
Intxaurrondo Hegoako haurrak, filmaketa lanetan, Ametzagaina parkean.Beñat Parra Astearte goiza da, eguna eguzkitsu esnatu da eta Ametzagaina parkera sartu bezain laster, zerbait gertatzen ari dela ikusten da: kamerak, soinu pertikak, klaketa… nazioarteko beste film edo telesail bat grabatzen ari al dira Donostian? Bada, ez, Intxaurrondo Hegoa ikastetxeko lehen hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako haurrak dira, euren fikziozko ikus-entzunezko lana grabatzen.
Larrotxene Kultur Etxeko Larrotxene Bideo egitasmoaren proiektu bat da garatzen ari direna, Intxaurdok: «Lehenengo esperientzia iaz egin genuen, Lauaizeta ikastetxearekin. Agustin Ibarrolaren Siluetak eskultura aitzakia gisa hartuta, dokumentaltxo bat egin zuten ikasleek. Aurten, Intxaurrondo Hegoakoekin ari gara lantzen, besteak beste, gure lana ere badelako auzogintza sustatzea», azaldu du Larrotxeneko zuzendari Iker Tolosak.

Intxaurrondo Hegoako haurrak, Intxaurdok proiektuko filmaketa lanetan, Ametzagaina parkean.Beñat Parra
Lau astez, egunero
Aurten, fikzioa lantzen ari dira haurrak, Tolosak kontatu duenez: «Lau asteko proiektu trinko bat lantzen ari dira; egunero, hiru ordu eta erdi pasatzen dituzte proiektua lantzen, curriculumarekin txertatuta». Horrela, ikus-entzunezko proiektu batek atzean duen lan guztia ezagutzen ari dira ikasleak: «Formakuntza teoriko pixka bat jaso dute, gidoia landu dute, aurreprodukzioa, orain filmaketarekin ari dira eta, gero, edizioa eta postprodukzioa etorriko dira». Hori guztia, Larrotxene Bideoko lantalde eta baliabide profesionalekin, Tolosak nabarmendu duenez, Ekialdeko Barrutiak diruz lagunduta.
Fikzioa lantzen ari dira haurrak: «Lau asteko proiektu trinko bat lantzen ari dira; egunero, hiru ordu eta erdi pasatzen dituzte proiektua lantzen»
Lantalde profesional batek gidatzen du proiektua, baina haurrak dira prozesuaren arlo guztietan nagusi: «Prozesua pentsatuta dago haurren interes eta beharretatik. Beraiek dira erabakiak hartzen dituztenak; sorkuntza prozesu partekatua da, kolektiboa», azaldu du Tolosak.
Horrela, honakoa da Intxaurrondo Hegoako haurrak garatzen ari diren filmaren sinopsia, Tolosaren hitzetan: «Haur talde bat barnetegi batean dago, Ametzagaina parkean. Paseo bat ematera ateratzen dira irakaslearekin, taldetxo bat galdu egiten da eta elkarri istorioak kontatzen hasten dira. Horietako bat da irakasle batek eskolari su ematen diola, eta, bat-batean, gizon bat agertzen da, istorioko irakasle piromanoa, teorian, laguntzen dituena ikasleak besteak topatzen. Baina, amaieran, istorio hori erreal bihurtzen da; hori da parabola».

Aingeru Tobar eta Ane Aldasoro Intxaurrondo Hegoako irakasleak Iker Tolosa Larrotxene Kultur Etxeko zuzendariarekin, Ametzagaina parkean, haurrak Intxaurdok proiektuko filma grabatzen ari diren bitartean.Beñat Parra
Talde kohesioa
«Ikus-entzunezkoan trebatzeaz gain, sormena piztea eta begirada elikatzea» da helburua, Larrotxeneko zuzendariak azaldu duenez, eta, horregatik, atal guztietatik pasatzen dira haurrak: «Zuzendaritza, produkzioa, argazkilaritza, atrezzoa eta jantzigintza, filmazioa, soinua eta abar». Horri esker, «taldea oso kohesionatuta» dagoela nabarmendu dute Ane Aldasorok eta Aingeru Tobarrek, proiektua garatzen ari diren haurren irakasleek: «Ikusi baino ez dituzu egin behar, ikusteko zein inplikatuta dauden. Ardura handiz hartzen dituzte lanak, oso gustura daude».
Bestalde, hizkuntzaren ikuspegitik ere oso proiektu aberasgarria izaten ari dela diote hirurek: «Baditugu umeak hemen, duela oso gutxi iritsi direnak, oraindik euskara hitz egiten ez dutenak, eta euskaratik sormen proiektu batean harrapatzea, auzoarekin harremanetan jartzen dituena eta ikus-entzunezko alfabetatzea sustatzen duena, oso aberasgarria da». «Orain, film bat ikusten dutenean, atzean dagoen lan guztia ikusten dute», gaineratu du Tolosak.
Filma prest edukitzean, noski, Larrotxenen bertan egingo dute «première-a», eta, orduan hasiko du bere ibilbidea: «Iaz, Begiradak jaialdian proiektatu zuten Intxaurdok-en egin genuen lana; ziur aurten are ibilbide oparoagoa izango dugula», azaldu du Larrotxeneko zuzendariak. Intxaurdok izango al da etorkizuneko Goya saridunen ernamuina?



