'Ozentziyo', Donostiako azken atunontzia
1990ean uretaratu zuten 'Ozentziyo' egurrezko atunontzi tradizionala, eta 2015era arte aritu zen modu tradizionalean hegaluzeak arrantzatzen, tartean, hainbat pasarte bitxi pasatuta. Donostiako kaiko azken atunontzia izan zen, eta Albaolan berritzen ari dira.
'Ozentziyo' atunontzia, artxiboko irudi batean. Albaola Uda giroko lehenengo eguzki izpiak ateratzen hasten direnean, asko dira Bermeo aldera (Bizkaia) begiratzen duten euskal herritarrak, hegaluze guztiak handik etorriko balira bezala. Bermeotik ez ezik, ordea, euskal kostaldeko beste hainbat portutatik ateratzen dira hegaluzeak, eta duela hamar urte arte, baita Donostiatik ere. Hain zuzen ere, Ozentziyo izan zen Donostiako kaiko eta Gipuzkoako azken atunontzi tradizionala, 2015eko ekainean bere jarduna amaitutzat eman zuten arte.
Puerta sendi donostiarrarena zen ontzi historikoa. 1990eko urrian uretaratu zuten, Lekeitioko Mendieta ontziolan tresnatu ostean. 21,30 metroko luzera du ontziak, 5,49 metroko erruna eta ehun tonako pisua. Fabrikazioan, Gineako egur bereziak erabili zituzten, itsasoaren baldintza gogorrei aurre egiteko gai direnak. Hain zuzen ere, ez ziren gutxi izan Ozentziyo-k itsasoan pasatu behar izan zituen komeriak.
Denboraleak, borrokak eta beste
Donostiatik abiatuta, kostaldetik milaka itsas miliatara arrantzatzen zuen Ozentziyo-k sarritan, eta behin baino gehiagotan egin behar izan zien aurre denboraleei, itsas zabalean. Atunontziko patroia izandako Jesus Puertak hainbat elkarrizketatan azaldu izan duenez, 1995ean bizi izan zuen ontziak denborale gogorrenetako bat, kostaldetik 800 bat miliatara. Ekaitz gogor batek harrapatu zituen hegaluzeak arrantzatzen ari ziren hamabi ontzi eta, gau zail baten ostean, bost portura itzuli behar izan ziren; Puerta sendiarenak, aldiz, eutsi egin zuen.
Handik urte batzuetara, beste denborale baten ondorioz, Castletown-Bearhavenen (Irlanda) amarratu behar izan zuten Ozentziyo, Donostiatik 620 miliatara; hiru egun pasatu zituen han. Ez zen izan hori, hala ere, etxetik urrutien porturatu behar izan zuten aldia, Azoreetako San Miguel irlan amarratu behar izan baitzuten ontzia behin, Donostiatik 1.300 miliatara, tripulazioko kide batek besoa puskatu zuelako.
Nabarmentzekoa da, halaber, 1994an bizitakoa: Kantauri itsasoko arrantzontzi tradizionalek salatu zuten arrantzontzi frantsesek eta ingelesek legez kanpoko sareak erabiltzen zituztela. Horrek «hegaluzearen gerra» deitu zena eragin zuen, eta ontzien arteko erasoak gertatu ziren itsasoan, bereziki, Kantauri itsasoko ontziek La Gabrielle ontzi frantsesa salatu zutenean. Ozentziyo-k hamabi amurekin arrantzatzen zituen hegaluzeak, eta ontzi frantses baten erasoari aurre egin behar izan zion.
Historiak aurrera jarraituko du
Arrantzatik harago ere badu bere historia atunontzi donostiarrak, 2002an, Prestige petroliontzia hondoratu zenean, itsasoaren garbiketa lanetan parte hartu zuen itsasontzietako bat izan baitzen Ozentziyo. Orain, ontziaren historiak aurrera jarraituko du, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian berritzen ari baitira, itsasora bueltatzeko eta «itsas ondare bizi» bihurtzeko helburuarekin.


