Iranen aurkako «eraso inperialista» salatu dute
Palestinarekin Elkartasuna plataformak elkarretaratzeak egin ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Donostiako protesta Bulebarrean izan da.
Palestinarekin Elkartasuna plataformaren elkarretaratzea, Bulebarrean.Palestinarekin Elkartasuna Israelek eta AEBek Iranen aurka egindako erasoa arbuiatzeko elkarretaratzeak antolatu ditu Palestinarekin Elkartasuna plataformak. Gasteizen egin zuten atzo protesta, eta gaur Donostian, Iruñean eta Bilbon salatu dute Iranen kontrako “eraso inperialista”. Gipuzkoako hiriburuko elkarretaratzea Bulebarrean egin dute.
“Gerra berri honek AEBen eta Israelen estrategia inperialistari erantzuten dio. Asia Mendebaldea euren interesen pean egonkortzeko asmoa dute. Estatu Batuek nahi dute euren aliatu fidela den Israel eskualdean jaun eta jabe izatea, eta bere hegemonia zalantzan jar dezakeen agenterik ez egotea. Modu horretan, Israelek bere proiektu koloniala bururaino eraman dezake, inolako aurkaririk gabe”, adierazi dute ohar baten bidez.
“Horretarako, Iran ahuldu edo garaitzea ezinbesteko baldintza da haientzat, interes inperialista estatubatuar eta israeldarrei aurre egiten dien agente indartsuena baita”, gaineratu dute. Horren aurrean, Iranek “erasoaldi defentsiboak” egin dituela nabarmendu dute, Israelen eta AEBen azpiegitura militarren aurka. “Horren ondorioz, eraso inperialista berri hau irmoki salatzen dugu eta AEBen eta Israelen aurkako erresistentziari babesa erakusteko dei egiten dugu”, adierazi dute.
