AZGAk salatu du 800 euroko isunak jaso dituztela maiatzeko udalbatzarrera bertaratu ziren kideek
Hainbat udaltzain Guardetxeko bi gazte immobilizatzeko saiakera egiten, udal batzar aretoan, 2025eko maiatzeko udalbatzarrean.Inaxio Esnaola Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu duenez, hainbat kidek 800 isunak jaso dituzte, 2025eko maiatzeko udalbatzarrean izandako istiluen harira. Zehaztu dutenez, egun hartan udal batzar aretora bertaratu ziren guztiek jaso dituzte isunak eta, beraz, guztira, 32.000 euroko zigorra jaso dute. Horrez gain, gogorarazi dute iazko abenduan deitu zituztela deklaratzera sei gazte gertakari horien harira —deklaratzeari uko egin zioten—, eta fiskalaren zigor eskaeren zain daudela: “Aurreratu genuen moduan, espetxe zigor eskaerak espero ditugu”.
2025eko Maiatzaren Lehenean okupatu zuten Guardetxea Parte Zaharreko gazteek, eta bertan auzoko gaztetxea auzolanean ireki ostean, Donostiako Udalak eraikina husteko salaketa aurkeztu zuen. Horren aurrean, AZGA hainbat kide udaletxera joan ziren maiatzeko udalbatzarrean, “udal gobernuari bilera bat eskatzeko”. Istiluak izan ziren udal batzar aretoan, ordea, eta kide bat atxilotu zuten udaltzainek, besteak beste.
AZGAren ustez, isunekin, “Guardetxea eta bestelako gaztetxe zein gune autogestionatuen aldeko babesa kriminalizatu nahi dute, Poliziaren azpijoko berri baten bitartez, zeina, beste behin ere, gezurretan eta akusazio faltsuetan oinarritzen den”. “Okupazioa ez ezik, elkartasuna ere zigortu nahi dute, AZGAren jardun politikoa oztopatu eta geldiarazteko”, gaineratu dute. Nabarmendu dutenez, halaber, “errepresioaren aurrean elkartasuna antolatzen” jarraituko dute.
Okupazioagatik absolbituta
Guardetxeko kideek beste epaiketa bat izan zuten urtarrilean, non bi kide epaitu zituzten, gunearen beraren okupazioaren harira. Bertan, absoluzioa jaso zuten auzipetuek eta, beraz, Guardetxeko jardunarekin jarraitu ahal izan dute kideek.
