Zinemaldiaren artxiboa ikertzeko beka berria martxan
Donostia Zinemaldiak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak Zinemaldiaren artxibo historikoa ikertzeko Jose Angel Herrero-Velarde beken laugarren edizioa aurkeztu dute. Programa honen helburua da Zinemaldiaren artxibo historikoaren ikerketa sustatzea, testu akademiko argitaragabeak sortzeko, iturri nagusi moduan erabilita Zinemaldiaren artxibo historikoa. Hala, jaialdiaren iragana aztertzeaz gain, orainarekin eta etorkizunarekin etengabeko solasaldia ezarriko da. Beka programaren azken xedea da hiru ikerketa artikulu sortzea, programan parte hartzen duten erakundeek osatuko duten batzorde batek gainbegiratuko dituena.
Bekak eskuratzeko bi bide daude: Euskal Autonomia Erkidegoan jaio edo bizi diren pertsonek eta Espainiaren gainerakoan jaio edo bizi diren pertsonek eskatu dezakete beka. Bi kasuetan, gutxienez bi urtez bizi izan direnak hartuko dira kontuan. Gaia, metodologia eta ikerketa iturriak adierazi beharko dira proiektuan, eta asmo gutun bat eta curriculum vitae-a atxiki. Zinemaldiaren artxiboaren webguneko plataforman aurkeztu behar dira eskaerak. Han daude, halaber, deialdiaren oinarriak eta xehetasun guztiak.
Ikerketa proiektua aurkezteko epea datorren ostiralean, martxoak 6, hasi eta apirilaren 20an bukatuko da. Hautagaiak ebaluatzeko eta hautatzeko ardura duen batzordea Donostia Zinemaldiko eta Elias Kerejeta Zine Eskolako profesionalek osatuko dute. Hautatutako hiru proiektuak maiatzean jakinaraziko dira eta egonaldia uztailaren 13tik 24ra egingo da.
Egonaldiaren baldintzak
Hautatutako ikertzaileek 3.000 euroko dirulaguntza bana jasoko dute. Halaber, Artxiborako sarbidea izango duten bi asteetan izandako kontsulta egunei dagozkien dietak eskainiko dira. Horrez gain, programak Gipuzkoan bizi ez diren onuradunen bidaia eta ostatua ordainduko ditu.
Tabakalera eraikineko egonaldi fasean, non Zinemaldiaren artxiboa osatzen duten material guztiak dauden, Euskadiko Filmategian Interneteko konexioa duen lan eta kontsulta gune bat eskainiko da. Bestalde, eraikinean eta aldamenekoetan dauden funts eta artxibo zinematografikoetarako sarbidea bermatuko da, eta eraikineko baliabide eta jardueretarako sarbidea emango da, hala nola zinema-saioetarako, tailerretarako eta eskola magistraletarako.
Lanak (6.000 eta 10.000 hitz artean izan beharko dituzte) zortzi hilabeteko epean amaitu beharko dira, hautaketa egunetik kontatzen hasita, eta, gehienez, bi hilabeteko luzapena eskatzeko aukera izango da.
Hala, Donostia Zinemaldiko artxibo historikoko 4.200 dokumentu digitalizatu inguru (korrespondentzia, argazkiak, kartelak, egunkariak, aldizkariak…) online kontsultatzeko eskuragarri daude Artxiboa atarian. Horrez gain, web-atari horrek materialen 39.000 deskripzio fitxa baino gehiagoko katalogo bat eskaintzen du, irakasle eta ikertzaile profesional eta espezialistek eskatuta azter daitezkeenak. Artxiboa atarian eskuragarri daude Zinemaldiaren eta Kutxatekaren funtsetako 3.000 argazki ingururen digitalizazioak; Zinemaldiko egunkarien 742 ale, 1953tik gaur egunera artekoak (egungo Zinemaldia aldizkaria); Zinemaldiko ia edizio guztietako 322 kartel inguru; bai eta Artxibo Orokorreko eta Prentsako hautatutako materialak ere.
Jose Angel Herrero-Velarde Notario zuzendaritza eta hautaketa batzordeko kidearen omenezkoa da beken izena. Zinemaldiko funtsezko figura izan zen azken lau hamarkadetan, eta 2022an zendu zen.
