Bentaberrin etxegabetu ditzaketen 510 familien defentsa egingo du Etxebizitza Sailak
Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzak Testa-Blackstone putre funtsaren esku geratu zirela-eta, bizilagunen protesta, 2020an. Joseba Parron San Sebastian Testa-Blackstone putre funtsak 2028ra bitarte mantenduko ditu Bentaberriko etxebizitzen alokairua. Ordea, data horretatik aurrera gertatuko denarekin kezkatuta daude bizilagunak. Horren aurrean, Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak adierazi du han bizi diren 510 familien “defentsa zorrotza” egingo duela. El Diario Vasco egunkariak jaso ditu haren adierazpenak.
Otsailaren erdialdean, Testa-Blackstone putre funtsak bizilagunei jakinarazi zien alokairu kontratuen hurrengo berritze automatikoa izango dela azkena. 2027. urteak aurrera egin ahala, kontratuen harremana bukatuko zela esan zieten. Horrek 510 familien kezka sortu zuen, etxegabetze arriskuan egon daitezkeelako.
Itxasok pasa den astean hitz egin zuen Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzetan bizi diren maizterrekin. Babesa adieraztearekin batera, Testa-Blackstone putre funtsari bilera bat eskatu dio Etxebizitza Sailak, bizilagunekin zer asmo dituzten jakiteko. Horrekin batera, Itxasok esan du Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzen sustapenaren “alderdi tekniko eta juridiko guztiak” aztertzen ari direla.
Sustapena 1998ko azaroan kalifikatu zen 30 urterako, eta 2028ko azaroan iraungiko da. Horrela ere, Itxasok gogorarazi du lur horiek 75 urterako laga zirela, 2069ra arte, eta epe hori betetzean Eusko Jaurlaritzari itzuli beharko zaizkio, lurrak eta etxebizitzak. Bitartean, 2028ra bitarte, maizterrak babestuta daude etxebizitzen babes ofizialeko izaeragatik, errenten igoera neurrigabeen aurka, eta, ondoren, gune tentsionatu izendapenagatik, muga espezifikoak ezartzen baititu kontratu berrientzat eta edukitzaile handientzat. Esaterako, Testa-Blackstone putre funtsari.


