Donostia buru da emakumeen kirolean
Donostia Kirolak urtero egiten duen azterlanaren arabera, Donostiako bederatzi talde elitean daude eta biztanleko ratiorik onena du hiriak
Txuri Urdineko neskak, izotz-jauregianTxuri Urdin Espainiako Estatuko buru da Donostia, eliteko emakumeen kirolari dagokionez. Hala adierazi du Donostia Kirolak 2014az geroztik urtero egiten duen ikerketak. Azterlan horrek lehiaketa nagusietan emakumeek duten presentzia aztertzen du, eta argi ikusi da bertan, lidergoa indartu egin dela azken urtean. Aurtengo ikerketaren emaitzen arabera, hiriko bederatzi talde daude kategoriarik gorenean. Bestalde, hiriak 21.096 biztanleko eliteko talde bat duela ere erakusten du ikerketak; nabarmen dago aurretik, beste hiriekin alderatuta.
Azterlanak ikertzen dituen hamalau diziplinetatik zortzitan du ordezkaritza Donostiak, jakinarazi dutenez. Hauek dira maila gorenean dauden emakumeen taldeak: Super Amara Bera Bera (eskubaloia), emakumezkoen Reala (futbola), Real Sociedad Hockey (belar hockeya), IDK Euskotren (saskibaloia), Donostiako Atletiko (atletismoa), CHH Txuri Urdina (izotz hockeya), Txuri-Berri Curling (curling-a), Donostia Arraun Lagunak (arrauna) eta Donostiarra (arrauna).
Berdintasunean, lider
“Donostia estatuko erreferente izateak esan nahi du eraikitzen ari garen hiria hiri bidezkoagoa, askotarikoagoa eta denentzat aukera gehiago ematen dituen hiria dela”, adierazi du Ane Oyarbide Berdintasuneko zinegotziak. Bere ustez, lidergo horrek eragin handia dauka gizartean, berdintasunari dagokionez: “Neskato eta gazte askok begiratzeko moduko ispilua da”.
Bestalde, Iñaki Gabarain Kirol zinegotziak ere azpimarratu nahi izan du lidergo horren garrantzia: “Donostiak erakusten du emakumeen kirolaren aldeko apustua egitea ez dela diskurtso bat, errealitate bat baizik”.
Izan ere, talde kopurua ez da Donostia gainontzeko hiriburuetatik desberdintzeko arrazoi bakarra; dibertsitate aldetik ere aurrea hartu du hiriak.


