Itaiak mobilizazio propioa egingo du Martxoaren 8an
Itaiaren Martxoaren 8ko manifestazioa. (Argazkia: Itaia) Azken urteetan bezala, Itaiatik Martxoak 8an mobilizazioak egingo ditu Euskal Herriko hainbat txokotan, “emakume langileok askatzeko, batu borrokara!” lelopean. Donostian, 11:30ean aterako da Bulebarretik.
Itaiaren ustez, “emakume langileon zapalkuntza mantendu” egin da, eta, azken urteetan, “faxismoaren eta matxismoaren zabalpenak horretan sakondu du”. Itaiak, beraz, emakume langileen “interesak lehenetsiko dituen proposamen iraultzaile bat eraikitzea lehentasunezkoa da”. Norabide horretan, Martxoaren 8an, emakume langileek jasaten duten indarkeria matxistaren aurka, esplotazio ekonomikoaren aurka eta emakumeen eskubideen alde kaleak hartzera deitu dute.
Salatu egin dute Martxoaren 8a “batasun abstrakturako eta kontsentsurako” eguna bihurtzea, eta egun hori “borroka eguna” dela nabarmendu dute: “Gure pobreziaren arduradunak, erasotzaileak edo gure aldarrikapenak edukiz hustu nahi dituztenak seinalatzeko eguna. Borrokara batzeko eta antolatzeko dei egin nahi dugu”.
Bestetik, Donostiako Itaiak egitarau bat antolatu du eta ostiral honetan, martxoak 6, Txantxarreka Gaztetxean (Antigua) elkartuko dira, bertan boxeo zein kartelgintza tailerrak emango dituzte eta kontzertu bat izango dute.


