Zuzeneko musika, janaria eta taldeari harrera, derbiaren aurretik motorrak berotzeko
Realzaleek taldeari egindako harrera bateko artxiboko irudia.Reala Realak eta Athleticek Espainiako Kopako finalerdietako itzulerako neurketa jokatuko dute gaur gauean Anoetan (21:00). Kanporaketa garrantzitsua izateagatik eta euskal derbia izateagatik, gau ederra espero dute zale guztiek, baita lehia biziko partida bat ere. Partidaz beraz harago, hala ere, giroa berotzeko jarduerak antolatu ditu Realak.
Hain zuzen ere, Topagunea aisialdi gunea irekiko dute estadioaren kanpoaldean, eta janaria erosteko postuak eta zuzeneko musika egongo dira bertan. 17:00etatik 21:00etara eta 23:00etatik aurrera egongo da irekita, eta Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako Bandaren emanaldia eskainiko du 20:00etatik aurrera.
Horrez gain, taldeari harrera egingo diote zaleek, 19:00etatik aurrera. Azkenaldian egin duten moduan, bi gune izango ditu harrerak. Lehenik, taldea ospitaletik iritsiko da, autobusak lehen biribilgunean bira egingo du eta Txuri Urdin Izotz Jauregiko zuzena hartuko du. Bertan izango da harreraren lehen gunea, Paco Yoldi kiroldegira arte. Momentu horretan, autobusak Anoetako estadio txikia inguratuko du eta estadiora iristeko azken zatiari ekingo dio. Bigarren gunea Antonoi Elorza Belodromoa atzean utzi ondoren hasiko da: “Hortxe hasiko da harreraren gune beroa. Estadiora iristeko 200 bat metro faltako dira orduan eta taldea hegoaldeko aparkalekutik sartuko da, 17. atetik gertu”, azaldu du klubak.


