Alauda Ruiz de Azua eta Blanca Soroaren arteko elkarrizketa izango da, ostegunean
Alauda Ruiz de Azua, 'Los domingos' lanarengatik irabazitako Urrezko Maskorrarekin.Iñaki Luis/Zinemaldia Alauda Ruiz de Azua zuzendaria eta Blanca Soroa aktorea izango dira ‘Zinemagileen arteko elkarrizketak’ zikloko hurrengo saioaren gonbidatuak. Solasaldia martxoaren 5ean, ostegunean, izango da, 19:00etan, Donostiako Santa Teresa komentuko Areto Nagusian, eta Irati Crespok moderatuko du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak Z365 arloarekin —Donostia Zinemaldiaren urte osoko jaialdia— eta Elias Kerejeta Zine Eskolarekin (EQZE) elkarlanean antolatutako ‘Zinemagileen arteko elkarrizketak’ zikloaren bosgarren denboraldiak ostegunean jarraituko du, ‘Zinema eta interpretazioa’ izeneko saioarekin. Oraingo honetan, Alauda Ruiz de Azua zuzendaria eta Blanca Soroa aktorea izango dira protagonistak, Irati Crespo kazetariak moderatutako solasaldian.
Bi gonbidatuek Los domingos filmaren inguruan elkarrekin izandako esperientziatik abiatuta, zinemaren eta interpretazioaren arteko harremanaz jardungo dute. Gogoratu behar da filmak Urrezko Maskorra irabazi zuela Donostiako Zinemaldian, baita FIPRESCI Nazioarteko Kritikaren Saria, Espainiako Kritikaren Saria eta Irizar Euskal Zinemaren Saria ere. Horrez gain, hainbat Goya sari eskuratu berri ditu, film onena, zuzendari onena eta emakumezkoen interpretaziorik onenak, besteak beste.
Solasaldia Parte Zaharreko Santa Teresa komentuko Areto Nagusian egingo da, 19:00etan, eta gaztelaniaz izango da.
Zikloaren hurrengo saioak
‘Zinemagileen arteko elkarrizketak’ zikloaren hurrengo hitzordua martxoaren 16an izango da. Egun horretan, Carla Simonen Romería filmak —Canneseko Sail Ofizialean lehiatu zenak— nazioarteko koprodukzioari buruzko gogoeta ekarriko du. Zuzendariarekin batera Maria Zamora eta Olimpia Pont Chafer ekoizleek parte hartuko dute solasaldian. Saioa 18:00etan hasiko da.
Apirilaren 14an, Jaume Clareten Estrany Riu / Strange River (Extraño río) film luzearen muntaiari buruz arituko dira zinemagilea bera eta María Castán eta Meritxell Colell muntatzaileak. Filma Veneziako eta Donostiako jaialdietan hautatua izan da.
Bestalde, maiatzaren 5ean, Manuel Gutiérrez Aragon eta Luis Lopez Carrasco zinemagile eta idazleek zinemaren eta literaturaren arteko loturaz jardungo dute. Biek ala biek Herralde saria jaso dute, hurrenez hurren, La vida antes de marzo eta El desierto blanco eleberriengatik.
Ekimenaren presentzialtasuna eta topagune izaera indartzeko, saioak ez dira streaming bidez emango. Hala ere, grabazioak Koldo Mitxelenaren eta Donostia Zinemaldiaren webguneetan egongo dira ikusgai denboraldiaren amaieran.


