Celia Rogero, Bella Bowring eta Multiverse Computing aitortu ditu EmakumeEKINN sariak
Celia Rogero, Bella Bowring eta Multiverse Computing saritu ditu EmakumeEKINN proiektuak.Donostia Sustapena Donostiak emakumeen talentua, lidergoa eta berrikuntza sustatzeko helburuz banatu ditu EmakumeEKINN 2026 sariak. Aurtengo edizioan, Celia Rogero ikertzailea, Bella Bowring ekintzailea eta Multiverse Computing enpresa teknologikoa saritu dituzte, bakoitzak bere arloan egindako ekarpenagatik. Donostiako Udalak eta Donostia Sustapenak Martxoaren 8aren harira egiten dute aitorpen hau, “hiriko ekintzailetza eta berrikuntza bultzatzen laguntzen duten emakumeak ikusarazteko”.
Otsailaren 26an banatu zituzten sariak, hiru kategoriatan: STEAM bokazioak sustatzen dituen emakume ikertzailea, hiria eraikitzen duen emakume ekintzailea eta emakumeen talentuaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten duen tokiko enpresa.
Hiru kategoria, hiriaren alde
STEAM bokazioak sustatzen dituen emakume ikertzailearen kategorian Celia Rogero Blanco saritu dute: nanozientziaren eta materialen zientziaren alorrean erreferentziazko fisikaria da, eta CSIC-UPV/EHUren Materialen Fisikaren Zentroko zuzendaria da.
Hiria eraikitzen duen emakume ekintzailearen kategorian Bella Bowring saritu dute. Ostalaritza enpresaburua da eta Donostian finkatu ondoren Gerald’s Bar jatetxearen jabeetako bat eta arduraduna da. Epaimahaiak Bowringek Groseko bizitza sozial eta gastronomikoan izan duen eragina nabarmendu nahi izan du.
Azkenik, emakumeen talentuaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten duen tokiko enpresaren kategorian Multiverse Computing saritu dute. Enpresa teknologikoa da, adimen artifizialean eta konputazio kuantiko aplikatuan espezializatua. Enpresak berdintasunarekin eta aniztasunarekin duen konpromisoa azpimarratu dute, langileen ia erdia emakumeak baitira eta zuzendaritza postuetan ere oreka lortu baitute.


