Emakumeen Etxea Arrandegi eraikinean jartzea azter dezan eskatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari
Arrandegi eraikina. (Argazkia: Donostiako Udala) Emakumeen Etxeak etorkizunean izango duen kokapenari buruzko azken berrien aurrean, bere iritzia adierazi du udaleko EH Bilduk ostegun goizean egindako agerraldian. Beste behin, emakumeentzako “zerbitzu integral” hori administrazio publikoetatik “babestu, indartu eta bultzatu” beharreko ardatz estrategiko gisa aldarrikatu du; eta Berdintasun ordezkariari eskatu diote ez dezala “pilota jarri” erabiltzaileen teilatuan, beren ezezkoak “irisgarritasunean, ikusgarritasunean, zentraltasunean eta ordezkagarritasunean oinarritzen baitituzte”. Halaber, gogoratu dute badela udal txosten tekniko bat zehazten duena kokapen berriak bete beharreko baldintzak kalitatezko eta bermedun zerbitzu bat emateko. Hala, Udal Gobernuari eskatu diote beste modu batera konprometitu dadila leku berriaren bilaketan, gauzatzen ari den prozesua, “forman eta mamian”, ez baita funtzionatzen ari.
Hori horrela, Izar Hernandok eta Itziar Iturrik Berdintasun zinegotziari eskatu diote “serioski azter dezala Emakumeen Etxea Bretxan kokatzeko aukera”, bi aldagai uztartzen baititu kokaleku horrek: batetik, gentrifikazioak kaltetuta eta saturatutzat jota dagoen Parte Zaharrak bere komunitate ehuna berreskuratuko luke, eta bestetik, Emakumeen Etxeak berak dituen gabeziak bateratuko lituzke. “Emakumeen Etxea elkartzeko espazio publikoa da, eta hala izaten jarraitu behar du, emakumeen banakako zein taldeko arretarako izateaz gain, gizarte-premia jakin batzuei erantzuten dien espazioa izan behar du. Horregatik guztiagatik, uste dugu kokapenak modu interesgarrian elkarreragin dezakeela inguruan izango lituzkeen gainerako zerbitzu publikoekin. Gainera, Bretxa kokapen erreferentziala da, hiriko eraikin enblematiko bat denez, bertan kokatzean ikusgarritasuna eta zentralitatea ematen zaio, hain zuzen ere, berdintasunaren arloko politika publikoetarako EH Bildutik aldarrikatzen duguna”, azaldu du Hernandok.
Alternatiba berri horrek ekarriko luke Bretxako lehen solairuan ezarri asmo duten gune gastronomikoari buruz hausnartu beharra. “Auzoko aldarrikapenekin bat egiten dugu, bertako bizilagunek behin eta berriz adierazi baitute Parte Zaharrak ez duela ostalaritza gehiagorik behar, ezta gastronomia gehiagorik ere. Auzoa ‘saturatu’ gisa katalogatuta dago. Badira alternatibak: proiektu hori bera hiriko beste eremu batera eramatea, elementu traktore bat izan dadin eta ingurua biziberritu dezan, formula interesgarria iruditzen zaigu, eta inpaktu atseginagoa eta positiboagoa izango luke”, adierazi du Hernandok. Eta ildo beretik, Bretxaren planteamenduak hiri ereduaren eztabaidari heltzen diola, Arrandegia moduko eraikin enblematiko batean zer kokatzen den “garrantzitsua” delako. “Galdera da espazio publikoa, eta bereziki, horrelako zentralitatea duen espazio publikoa, nola bete nahi dugun eta norentzat nahi dugun”.
EH Bilduren ustez, Emakumeen Etxeko erabiltzaileek “nahikoa pazientzia eta malgutasun” erakutsi dute, behin behinekoa zen Okendo kaleko bulegoan hamasei urte baitaramatzate. Gogorarazi dute ere Udal Gobernuak azken ekitaldietan jasotako aurrekontu partidak ere ez direla exekutatu, eta hortaz, iragarritako hobekuntzak ez direla gauzatu.
“Berdintasun sailak aztertzeko proposatzen dugun alternatiba bideragarria eta egingarria da. Zinegotzi ordezkariak berak du korapiloa askatzeko giltza, bera baita, aldi berean, Sustapeneko arduraduna, Bretxako gunea kudeatzeko ardura hartu duen erakunde publikoa”.


