Hiriko zuhaitzak eta basoak bertako haziekin berreskuratzen dituzte
Udaleko ordezkariak Ortzadar ikastetxeko ikasleekin batera.Donostiako Udala Donostiako Udaleko Parke eta Lorategien Sailak eta Cristina Enea Fundazioak antolatutako Haziberriak egitasmoa laugarrenez egiten ari dira. Bertako haziak erabiliz hiriko zuhaitzak eta basoak berreskuratzeko proiektu aitzindaria.
Helburua da Donostian landatzen diren aleak hiritik bertatik etortzea, tokiko genomaren kontserbazioa bermatuz eta biodibertsitatea indartuz klima aldaketaren ondorioek markatutako testuinguru batean.
Ikasturte honetan, sei ikastetxetako 195 ikaslek parte hartuko dute, eta urtean zehar prozesuaren fase desberdinetan lan egiten dute: haziak biltzea Ametzagainan, esaterako, eta haziak Putzuetako udal mintegian ereitea. Ondoren, zuhaitz gazteak lehengoratze ekologikoa behar duten eremuetan landatzea. Metodologia horri esker, belaunaldi desberdinetako ikasleek proiektuari jarraipena ematen diote, ingurune naturalarekin eta hiri basoen hobekuntzarekin lotura zuzena sortuz.
Iñigo Garcia Ingurumen zinegotziak eta Carlos Garcia Parke eta Lorategietako zinegotziak landaketa saio bat bisitatu dute Ortzadar ikastetxeko ikasleekin batera, egiten ari diren lana gertutik ezagutzeko. Iñigo Garciak berak nabarmendu duenez, “egitasmo hau adibide bat da ingurumen hezkuntzak nola eralda dezakeen gazteek ingurunearekin duten harremana. Zuhaitz autoktonoak ereitea klima aldaketaren aurrean etorkizuna, nortasuna eta erresilientzia ereitea da”.
Proiektua hiru fasetan garatzen da: lehenengoan, haziak bildu eta sentsibilizatzeko; bigarrenean, hautatutako espazio naturaletan landatzeko; eta hirugarrenean, udal mintegia bisitatzeko, haren funtzionamendua eta landare ekoizpenaren ziklo osoa ezagutzeko. Gainera, irteerak egiteko zailtasunak dituzten ikastetxeentzat unitate didaktikoak prestatu dira, edukiak ikasgelan lantzeko. Hezkuntza material guztia proiektuaren webgunean egongo da eskuragarri.


