Hiru gizon atxilotu dituzte baserri batean lapurtzen saiatzeagatik
Ertzaintzaren komisaria, Antiguan. Ertzaintza Ertzaintzak hiru gizon atxilotu ditu eta laugarren bat ikerketapean du Donostiako baserri batean, ustez, indarra erabilita lapurtzen saiatzeagatik. Gertakaria astearte eguerdian izan zen, Intxaurrondon.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, astearteko 12:00ak aldera Intxaurrondoko baserri batean bizi den pertsona batek Ertzaintzari ohartarazi zion hiru gizon atzeman zituela, ezustean, bere etxean lapurtzen saiatzen. Hainbat patruila bertaratu ziren, eta etxebizitzatik ehun bat metrora lau pertsona aurkitu zituzten. Horietatik hiruk bat egiten zuten ustezko egileen deskribapen fisikoarekin.
Biktimak zarata handiak entzun zituen sarrerako atetik; orduan ohartu zen bi gizon sarraila manipulatzen ari zirela, eta hirugarren bat finkaren barruan zebilela, leihoetara begira. Oihuka hasi zenean, hirurek ihes egin zuten.
Ebidentzia horien aurrean, agenteek hiru gizon atxilotu zituzten etxebizitzan lapurtzen saiatzea egotzita, eta polizia eginbideak abiatu dituzte laugarren baten aurka; antza denez, azken hori ez zen finkara sartu eta kanpoaldetik zaintza lanak egiten ari zen.


