Mugimendu feministak kaleak hartuko ditu igandean, feminismotik «beste mundu bat» aldarrikatzeko
12:00etan abiatuko da mugimendu feministak antolatutako manifestazioa, Antiguako tuneletik.
2025eko Martxoaren 8ko manifestazioko irudi bat.Maitane Aldanondo Ate joka dago Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta, aurten ere, milaka feministek Donostiako kaleak hartuko dituzte. Hain zuzen ere, Donostiako Asanblada Feministak 12:00etan deitu du manifestaziora, Antiguako tuneletik abiatuta. Beste mundu bat feminismotik izango da aurtengo leloa eta Euskal Herriko hiriburu guztietan antolatu ditu manifestazioak Euskal Herriko mugimendu feministak. Emakumeen Etxetik zutabe bat abiatuko da 11:45ean, 12:00etan Antiguako tunelera iristeko.
Azken urteotako oldarraldi erreakzionarioari aurre egitera deituko dute manifestazioan, feminismotik: “Guk argi dugu ez dugula feminismorik eta antirrazismorik gabeko mugimendurik nahi, ezta mundurik ere. Horrexegatik diogu Beste mundu bat feminismotik. Eta hori lortzeko antolakuntza eta borroka dira gure armarik indartsuenak. Emakume*, trans eta bollerak kaleak hartzeko prest gaude!”.
“Aliantzak” eraikitzearen beharra jarriko dute mahai gainean, baita ere: “Eraiki ditzagun sare sendoak. Askotariko zapalkuntzen bitartez sostengatzen den sistema honi erantzun diezaiogun askotariko gorputz eta borroketatik”. Era berean, gizonak “ardura hartzera” deituko dituzte: “Urratsak egiten ari bagara ere, oraindik asko dugu egiteko, baina, batez ere, asko dute egiteko. Haiek, bai; instituzioek, patronalek, gizonek, sistema hau betikotzen dutenek. Urgentziaz diogu: hartu dagokizuen ardura!”.
Auzoetan
Manifestazioaren aurretik, egitarau propioak antolatu dituzte Donostiako auzo batzuetan. Martutenen, esaterako, 10:55ean auzoko farmazian biltzera deitu du Martu Morea talde feministak, Bulebarrera doan autobusa elkarrekin hartzeko. Ondoren, 12:00etan, La Perla bainuetxearen ondoan geldituko dira, eta manifestazioa hara iristean, mobilizaziora batuko dira, pankarta propioarekin. Horrez gain, arratsalderako jarduerak antolatu dituzte auzoan: 16:30ean, tailer feministan egingo dute, edonorentzat irekia; 17:30ean, Alba Vidal eta Showtime dantza taldearen ikuskizuna egongo da, baita Irati DJ-aren emanaldia ere.
Ekialdean ere egitarauak antolatu dituzte, Intxaurrondon eta Altzan. Intxaurrondo Berri taldeak manifestaziora joateko martxa antolatu du, 10:00etan elkartetik abiatuta (Buztintxolo kalea, 15). Auzoaren goialdetik Intxaurrondo Zaharrera jaitsiko dira, handik Gros aldera joateko, gero Antiguako tunelera abiatzeko; 11:45ean, La Perlara iritsiko dira, manifestazioaren zain. Altzako feministek, bestalde, elkarrekin gosalduko dute Herrera Kirol Elkarteak 09:15ean, eta 10:15ean abiatuko dira Intxaurrondorantz, 10:45ean Intxaurrondoko taldearekin elkartzeko, Renferen geltokian.
Bestalde, Grosen, mugimendu feministaren mobilizazioarekin bat egingo du Groseko Indarra Surf Taldeak. 10:00etan, bainu kolektiboa egingo dute Zurriola hondartzan, eta hamaiketakoa jan ostean, Antiguako tunelerantz abiatuko dira, manifestaziora.


