Realak kopako finalerako sarrerak eskuratzeko baldintzak jakinarazi ditu
Apirilaren 18an jokatuko da txuri-urdinen eta Atletico Madrilen artean, Sevillako La Cartuja futbol zelaian.
Bultzada txuri-urdina, Realaren eta Athleticen aurkako finalerdietako partidan.Inaxio Esnaola 2021eko Espainiako Kopako finalaren aldean, Realak zaleekin konpartitu ahal izango du aurtengoa. Apirilaren 18an jokatuko da, Sevillako La Cartuja futbol zelaian, 21:00etatik aurrera, eta beste arerio bat izango du: Atletico Madril. Ez da neurketa erraza izango, baina dena da posible partida bakarrera. Realeko neskek Atletico Madrili irabazita altxatu zuten kopa. Mutilek, zergatik ez?
Estadioak 70.000 laguneko edukiera du, eta finalista bakoitzari sarreren %40 dagokie. Beste %20 hori Espainiako Futbol Federazioak kudeatzen du, interes propioei erantzunez. Kontuak kontu, 26.000 sarrera inguru izango ditu Realak, eta klubak horiek eskuratzeko baldintzen berri eman du.
Jasoko dituzten sarreren %85 bazkideentzat izango dira, eta horiek izena eman beharko dute Realak bere webgunean jarriko duen formularioan. Astelehenean, hilaren 9an, jarriko dute formulario hori, 16:00etan, eta martxoaren 13ko 20:00ak arte bete ahal izango da. Taldeka zein bakarka egin ahal izango dira eskariak formularioetan. Taldeka gehienez lau pertsonak eman ahal izango dute izena formulario berean. Eskaria Realak dituen sarrera kopuru baino handiago bada, zozketa egingo dute.
Bazkide beteranoei saria
Realeko bazkide batzuek sarrera ziurtatua dutela jakinarazi du klubak. Zehazki, 2002ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik bazkide direnek. Hauek ere formulario propio bat bete beharko dute, eta sarrera eskuratu ahal izango dute. Guztira, 7.304 bazkide dira abantaila izango dutenak, eta gehienez sarrera bakarra eskuratu ahal izango du bakoitzak.
Pasa den urteko finaleko sarrerei dagokienez, 72 euro balio zituen merkeenak eta 270 euro garestienak —arauz saldurikoek, behintzat—.


